Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak Pertsona eta Komunitatea ardatz dituen Arreta Integraleko (AICP.COM) Europako proiektuaren emaitzen aurrerapenari buruzko aurkezpenean hartu du parte, Corellan. Proiektu horrek zahar etxeetako, pertsonen etxeetako eta komunitateko zainketen ikuspegia aldatzen du, “zaintza pertsonalizatuak emanez eta pertsona bakoitzaren beharrei eta interesei hobeki erantzunez”, Maeztuk aurreratu duen bezala.

Nafarroak 2022tik parte hartzen du AICP.COM proiektuan, Aragoi,          Gaztela-Mantxa eta Valentziako Erkidegoarekin batera. Proiektua Lares eta Fundación Pilares taldeek bultzatzen dute. Foru Komunitateak AICP.COM eredua aplikatu du pertsonen etxe, komunitate eta zahar etxeetan, iraupen luzeko zainketen egungo eredua eraldatzen joateko, erabiltzaileek beren etxeetan jarraitu ahal izan dezaten bultzatzeko, instituzionalizazioa murrizteko eta egoitza zentroen arreta pertsonalizatzeko, etxe irekiaren ereduaren bidez.

Ekimen hori Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioak finantzatu du, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan, eta 401.860,80 € esleitu dizkio Nafarroari (3.904.641,80 €, guztira), Europako Next Generation funtsetatik etorriak.

AICP.COM proiektuaz gain, Maeztu kontseilariak NEAR proiektua nabarmendu du: Interreg Europe programaren finantzaketa du, eta arreta eredu berriak sendotzeko lan egiten du, pertsonarekin eta haren harreman inguruneekin esku hartzen dutenak.

Informazio gehiago