Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzia, COP29, Azerbaijanen eginen da, azaroaren 11tik 22ra bitartean, eta han nazioarteko bazkideekin lan eginen du Europar Batasunak, Parisko Akordioaren helburuak bete daitezen: hau da, munduko batez besteko tenperaturaren igoera mugatzea, 1,5ºC-tik ahalik eta hurbilen mantendu nahian. Klima aldaketa mugarik ezagutzen ez duen arazo bat da oraindik, eta gero eta kalte handiagoa egiten die bizitzei eta bizirauteko bitartekoei, Europa osoan zein mundu osoan. COP29an, Parisko Akordioko alderdiek bermatu behar dute munduko finantza fluxuak, gero eta gehiago, bat datozela Parisko Akordioarekin, eta inbertsioak desblokeatu beharko dituzte, klima aldaketaren aurkako borrokaren finantzaketan helburu kolektibo kuantifikatu berri bat ezarriz.
Gaur-gaurkoz, EBk jartzen du klima aldaketaren aurka borrokatzeko finantzaketa handiena nazioartean: 2023an, 28.600 milioi euro ekarri zizkion klima aldaketaren kontrako finantzaketa publikoari, eta horrez gain 7.200 milioi euro mobilizatu zituen finantzaketa pribatuan, garapen bidean dauden herrialdeei berotegi efektuko gasen emisioak murrizten eta klima aldaketaren ondorioetara egokitzen laguntzeko. Egia da herrialde garatuek klima aldaketaren aurkako borrokaren finantzaketa mobilizatzeko ahaleginen buruan jarraitu behar dutela, baina asmo handi hori betetzeko multzo handiago baten ekarpenak beharko dira, sektore pribatuaren finantzaketa mobilizatu eta iturri berri eta berritzaileak bilatu beharko dira, eta mundu osoan nahiz nazio-mailan baldintza egokiak sustatzeko lan egin. Horrez gain, ahalegin globala egin beharko da eskala handiko finantzaketa mobilizatzeko, askotariko iturrietatik: publiko nahiz pribatuak, nazionalak nahiz nazioartekoak.
Aurtengo elkarrizketetan, elementu garrantzitsu bat izanen da iaz Dubain adostutako helburu energetiko globalak berrestea: alegia, gradualki erregai fosilak erabiltzeari uztea, energia berriztagarrietarako inbertsioak hirukoiztea eta 2030erako energia efizientziako neurriak bikoiztea. Datorren urtean aldeek nazio-mailan zehaztutako ekarpenak aurkeztuko dituzte, eta EB lanean arituko da haietan asmo handiko helburuak jaso daitezen. EBk martxan jarri ditu nazio-mailan zehaztutako ekarpen berriak prestatzeko lanak, urte hasieran argitara emanez Europako 2040rako helburu klimatikoari buruzko Batzordearen Komunikazioa. Batzordearen asmoa da lege proposamen bat aurkeztea, Klimari buruzko Europako Legedian finkatuta gera dadin 2040rako emisioak % 90 murrizteko helburua. Ondoren, EBk zehaztutako ekarpen berriak aurkezteko oinarria izanen da helburu hori.
Orobat, Parisko Akordioaren 6. artikuluari jarraituz, karbonoaren nazioarteko merkatuei buruzko negoziazioak bukatzeko lanean arituko da EBko negoziazio taldea. Munduak gero eta gehiago eskatzen du karbonoa konpentsatzeko sistema zorrotza izatea eta arintzeko eta egokitzeko proiektuak finantzatzea; hortaz, estandar komun batzuk ezarri behar ditugu. Integritate handia, gehigarritasuna, iraunkortasuna eta erantzukizuna izan behar da horien oinarria.
COP29n, Klimaren aldeko Ekintzarako komisario Wopke Hoekstra izanen da berriz EBren negoziazio taldearen burua, eta lankidetza hertsian arituko da Kontseiluko Lehendakaritzarekin eta estatu kideekin, joan den hilean erabakitako negoziazio mandatua betetzeko. Energiako komisarioa, Kadri Simson, azaroaren 14an eta 15ean bertaratuko da. Haren lanaren ardatzak erregai fosilak baztertzeko konpromisoa, metano emisioak murrizteko egin dugun lana eta teknologia garbien garapena izanen dira. Iliana Ivanova ere, Berrikuntza, Ikerketa, Kultura, Hezkuntza eta Gazteriako komisarioa, Bakúra joanen da azaroaren 12an, zero emisio garbien lehiakortasunaren etorkizunari buruzko goi mailako ekitaldi batean parte hartzeko.
Aurrekariak
2015eko Parisko Akordioaren bitartez, 194 herrialdek adostu zuten munduaren batez besteko tenperaturaren aldaketa 2 °C-ren oso azpitik mantentzea, eta 1,5 °C-tik ahalik eta hurbilen, mende bukaerarako. Horretarako, erabaki zuten nazio-mailan zehaztutako ekarpen jakin batzuk aurkeztea, non adieraziko baitzuten zein diren emisioak murrizteko haien helburu indibidualak. Europar Batasunak konpromiso irmoa du Parisko Akordioarekin, eta munduko liderra da klimaren aldeko ekintzan: 1990 ezkero % 37 murriztu ditu berotegi efektuko gasen emisioak, bere ekonomia ia % 70 handitu bitartean.
2019ko abenduan aurkeztutako Europako Itun Berdearekin, hemendik 2050era arte neutraltasun klimatikoa lortzeko konpromisoa hartu zuen EBk. Helburu hori juridikoki lotesle bihurtu zen 2021eko uztailean, Klimari buruzko Europako Legea onartu eta indarrean jarri zenean. Klimaren Legeak, halaber, berotegi efektuko gasen emisio garbiak murrizteko bitarteko helburu bat ere ezartzen du: 1990eko mailen aldean gutxienez % 55 murriztea emisioak hemendik 2030era. 2020ko abenduan, UNFCCCri jakinarazi zitzaion 2030erako helburu hori, EBk nazio-mailan zehaztutako ekarpen gisa, Parisko Akordioaren esparruan. 2021ean, EBk zenbait lege proposamen aurkeztu zituen klimaren, energiaren, lurzoruaren erabileraren, garraioaren eta fiskalitatearen gaietan dituen politikak helburu horretara egokitzeko, alegia, 2030. urtera bitartean berotegi efektuko gasen emisio garbiak gutxienez % 55 murrizteko.
Aurtengo COPen, EBk ez du ekitaldi paraleloen programarik antolatuko bere pabiloian, baina hainbat ekitalditan parte hartuko du in situ. Halaber, Batzordea OITrekin elkarlanean ari da hirugarren urtez jarraian, Trantsizio Justuaren Pabiloia batera antolatzeko. Han, trantsizioaren alderdi sozialen eta enplegukoen inguruan eztabaidatu eta iritziak trukatzen ahalko dira, kalitatezko enplegu berdeei, gaitasunei eta elkarrizketa sozialari buruzkoak ere barne.