Bigarren urtez jarraian, FEC Vedruna ikastetxeak Europako Parlamentuaren Enbaxadore Eskolak programan parte hartu du. Programa horren helburua da gazteen artean Europaren eta Europako demokrazia parlamentarioaren ezagutza sustatzea. Elena Sancho Murillo Nafarroako europarlamentariak Iruñeko FEC Vedruna ikastetxeko ikasleek prestatutako Europar Batasunari buruzko informazio gunea inauguratu zuen urriaren 30ean. Ikasturte honetan, lehen aldiz, enbaxadore junior gisa parte hartu dute Isterria Fundazioko Enklabe Gelako ikasleek, eta, horrela, hezkuntza bereziko ikastetxeetako ikasleak ikastetxearen ohiko bizitzan sartzea sustatu dute. Ekitaldia eguerdiko hamabietan hasi zen, Mª Pilar Asurmendi Laquidáin zuzendari nagusiak Elena Sancho Murillo europarlamentariari ongietorria egitearekin batera. Jarraian, Batxilergoko 1. mailako hiru enbaxadore juniorrek europarlamentariari azaldu zioten nola antolatu zuten informazio gunea, ikasturte honetarako beren ideia aurkeztu zuten, eta Enklabe Gelaren lana nabarmendu zuten; izan ere, piktogramen bidez informazio ulerterraza gehitu dute EBri buruzko informazio panelean. Ondoren, inaugurazio ofiziala egin zen, Europar Batasuneko banderaren koloreak zituen zinta bat moztuta, eta ikasleek aurkezpen bat egin zuten, beraiek prestatua, ikastetxeari eta egin diren jarduera europazaleei buruz. Amaitzeko, hitzaldi bat eman zitzaien Batxilergoko 1. mailako ikasle guztiei ekitaldi aretoan, Europako erakundeek gazteen egunerokotasunean duten eraginari buruz. Jarduera amaitzeko, galdera txanda bat antolatu zen, eta ikasleek gai garrantzitsuak eta gaur egungoak aipatu zituzten, hala nola baterien erabilera, auto elektrikoa, immigrazioari buruzko Europako akordioak edo beste herrialde batzuen –adibidez, Turkia eta Moldavia– balizko atxikimendua. Europako Parlamentuaren Enbaxadore Eskolak programa bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago (DBHko 4. maila, Batxilergoko 1. eta 2. mailak eta LH), eta gazteen artean Europaren eta Europako demokrazia parlamentarioaren ezagutza sustatzea du helburu, Europar Batasuna eta, bereziki, Europako Parlamentua aktiboki ezagutaraziz. Kontua ez da soilik Europar Batasunari buruzko datuak erakustea, baizik eta Europako herritartasuna esperimentatzeko aukera ematea ikasleei: Batasunak zer esan nahi duen eguneroko bizitzan eta zer egiten ahal den, etorkizunean Europa herritarrek nahi duten bezalakoa izan dadin lortzeko.
Hasierako prestakuntzaz gain, ikastetxeek konpromisoa hartzen dute Europako Parlamentuari buruzko beren informazio gunea leku ikusgarri batean mantentzeko, Europako Parlamentuak emandako material didaktikoekin lan egiteko eta ikasturtean zehar Europar Batasunarekin lotutako jarduerak gauzatzeko.
Europako Parlamentuaren Enbaxadore Eskolak programa Europako Parlamentuak sustatutako programa bat da, eta bertan, lurralde nazional osoko 117 eskola eta 50 eskola mentore daude sartuta.