Europako Batzordeak dirulaguntzen aurkako ikerketa bukatu du gaur, Txinatik etorritako bateriako ibilgailu elektrikoen (BEV) inportazioei behin betiko konpentsazio-eskubideak ezarriz, bost urteko epean. Lehen adierazi bezala, ikerketaren arabera, Txinako BEVen balio-kateak bidezkoak ez diren subsidioak jasotzen ditu, eta horrek kalte ekonomikoa eragiten die EBn BEVak ekoizten dituzten enpresei. Ondorioz, eskubideak Egunkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.
Aldi berean, EBk eta Txinak lanean jarraitzen dute aurkitzeko ikerketak identifikatutako arazoei aurre egiteko eraginkorrak diren eta MMArekin bateragarriak diren irtenbide alternatiboak. Batzordeak irekita jarraitzen du banakako esportatzaileekin prezio-konpromisoak negoziatzeko, EBren eta MMAren arauek ahalbidetzen duten gisan.
Bost urtez ezarritako konpentsazio-eskubideak
Neurriak ostegun honetan indarrean sartzen direnetik aurrera, laginean sartutako Txinako enpresa ekoizle esportatzaileek honako konpentsazio-eskubide hauek izanen dituzte:
BYD: % 17,0
Geely: % 18,8
SAIC: % 35,3
Lankidetzan ariko diren beste enpresa batzuek % 20,7ko eskubidea izanen dute. Banakako azterketa bat egiteko eskaera justifikatu baten ondoren, Teslari % 7,8ko zerga esleituko zaio. Lankidetzan jardunen ez duten gainerako enpresek % 35,3ko eskubidea izanen dute.
Behin betiko eskubideak indarrean jartzen direnetik aurrera jasoko dira. Ez dira bilduko 2024ko uztailaren 4an Txinatik datozen BEV inportazioei ezarritako behin-behineko eskubideak.
Neurrien eraginkortasuna eta ekitatea bermatzea
Etorkizunean, Batzordeak indarrean dauden neurrien eraginkortasuna gainbegiratuko du, baita neurri horiek saihestu ez daitezen ere.
Lankidetzan aritu den eta laginaren batez besteko eskubidearen mende dagoen enpresa orok, edo esportatzaile berri batek, eskubidea du azterketa azkarra eskatzeko, eskubide indibidual mota bat ezartzeko.
Neurriak bost urteko aldiaren amaieran iraungiko dira, baldin eta ez bada berrikuspen bat hasten data hori baino lehen iraungitzeagatik.
Inportatzaileek diru-itzulketa eskatzen ahalko dute, baldin eta uste badute beren ekoizle esportatzaileak ez duela dirulaguntzarik jaso edo haien dirulaguntza-marjina inportatzaileek ordaindutako eskubideak baino txikiagoa bada. Eskaera hori behar bezala arrazoitu beharko da, eta dagozkion frogetan oinarritu beharko da.
Ikerketa Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarri zuen 2023ko irailaren 13an, Europar Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian (SOTEU). Erabaki hori hartu zen oharturik Txinatik EBra prezio apalean datozen ibilgailu elektrikoen esportazioek berriki eta azkar gora egin dutela. Batzordeak EBko eta MMAko arauekin bat zetozen legezko prozedura zorrotzak jarraitu zituen, eta aukera eman zien alderdi interesdun guztiei, Txinako gobernuari eta enpresa/esportatzaileei barne, iruzkinak, frogak eta argudioak aurkezteko.