Akitania Berriko, Finlandiako, Esloveniako, Italiako, Murtziako eta Nafarroako ordezkariek Ekonomia Sozialeko Negozioen Europako Eskola bat sortzeko aukera aztertu dute urriaren 1ean eta 2an, Europako Interreg lurralde lankidetzarako programaren barruko Europako REESES (Reinforce Regional Social Economy Ecosystems and Stakeholders capacity) jardunaldien esparruan.
Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria arduratu dira jardunaldi horri hasiera emateaz. Jardunaldiaren helburua izan da ekonomia sozialaren eremuko eskualde politiken aplikazioa hobetzea, alderdi interesdunak gaitzea eta eragileen gaitasunak hobetzea, Europan kalitatezko enplegu jasangarri eta integratzailea lortzeko bide gisa.
Jardunaldiaren aurkezpenean, Ollo lehendakariordeak azpimarratu du Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak konpromiso eta eginkizun bikoitza duela: “alde batetik, beste departamentu batzuei laguntza instrumentala eta zeharkakoa eman behar die beren politikak Europako testuinguruan nazioartekotzeko; eta, bestetik, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu behar du, historian zehar ekonomia sozialak gure lurraren sare sozioekonomikoan duen esanahiagatik. Eredu aitzindari hori erreferentzia bihurtu da orain Europar Batasuneko beste herrialde batzuendako”.
Hasiera ekitaldian, Maeztu kontseilariak gogorarazi duenez, “Nafarroa aitzindaria izan zen, ekonomia soziala espezializazio adimenduneko estrategian sartu baitzuen duela sei urte baino gehiago”, eta alde horretatik, “sektore kooperatibistaren indarra” nabarmendu du, “haren enpresa eredua baita ekonomia sozialaren bizkarrezurra eta ardatza”. Kontseilariak adierazi duen bezala, Foru Komunitateak gaur egun 1.400 kooperatiba baino gehiago ditu: enplegu pribatuaren % 8,5 inguru eta 20.000 lanpostu inguru.