Europako Parlamentuak EB 2024 hauteskundeen osteko inkesta argitaratu du gaur, ekaineko hauteskundeetan botoa emateko arrazoiak eta herritarren lehentasunak aztertzeko.
Prezioen eta bizitzaren kostuaren igoera (%42) eta egoera ekonomikoa (%41) izan ziren Europako herritarrak ekaineko hauteskundeetan botoa ematera bultzatu zituzten arrazoi nagusiak. Gainera, botoa eman zuten inkestatuen herenak (%34) dio nazioarteko egoerak bultzatu zituela botoa ematera; %32k, berriz, demokraziaren eta zuzenbide-estatuaren defentsa aipatzen du. Botoa eman ez zuten herritarren arabera, hauteskundeetan parte hartu izan balute, bizitzaren kostuak (%46) eta egoera ekonomikoak (%36) eraginda egingo zuketen.
Espainiako herritarren kasuan, egoera ekonomikoa (%46) eta prezioen igoera eta bizi-kostua (%35) izan ziren hautestontzietara joateko arrazoi nagusiak; ondoren, gizarte-babesa, ongizatea eta osasunerako sarbidea (%32), eta demokrazia eta zuzenbide-estatua (%31). 2024ko ekainean botoa eman ez zuten espainiarrek adierazi dute botoa ematera bultzatuko zituzten gai nagusiak egoera ekonomikoa (%41) eta prezioen igoera eta bizi-kostua (%35) direla.
Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak honako hau adierazi du emaitzei buruz: “Joan den ekainean, Europa osoko herritarrek euren ahotsa entzunarazi zuten, Europako Parlamenturako hauteskundeetan azken 30 urteetan izandako parte-hartzerik handiena erregistratu baitzen. Agindu bat eman ziguten jarduteko, erantzunak eta konponbideak eskaintzeko eta beren eguneroko bizitzan alde positiboa markatzeko. Beteko dugu. Datozen asteetan, Europako Parlamentuak Europako Batzorde berria aztertuko du, herritarrentzat lehentasunezkoak diren gaiei heltzen diela ziurtatzeko: bizitzaren kostua, gure ekonomiaren egoera, demokrazia, zuzenbide-estatua, migrazioa eta segurtasuna. Europako Parlamentuak lanean jarraituko du herritarren iritzia EBn kontuan har dadin».
EBri emandako laguntza handia izaten jarraitzen du, nahiz eta arazo ekonomikoak izan. Inkestaren emaitzek adierazten dute Europako herritarrak baikorrak direla EBren etorkizunari buruz (%65), eta Batasunaren inpresio positiboa izaten jarraitzen dutela (%48; soilik %16k dio irudi negatiboa duela). EBko kide izatea ere modu positiboan ikusten da. Hamar europarretik zazpik (%70) uste dute beren herrialdea Batasuneko kide izateaz baliatu dela, eta kopuru hori egonkor mantendu da azken urteotan.