Estatu kideek EBn dituzten enbaxadoreek (Coreper) Kontseiluaren negoziazio-agindu bat onetsi dute, zeinaren bidez proposamen bat egiten baita lehen aldiz EBren mailako gutxieneko arauak ezartzeko txakurren eta katuen ongizatea hobetze aldera.
Proposamenaren helburua da hazleen jabetzako, salmenta-establezimenduetako eta babeslekuetako txakur eta katuen ongizatea hobetzea eta, aldi berean, kontsumitzaileen babesa hobetzea, konpetentzia leiala bermatzea eta legez kanpoko merkataritzaren aurka borrokatzea.
Proposamenak ez die eragiten konpainia-animalien jabe diren partikularrei. Hala ere, txakur edo katu bat EBn merkaturatu nahi duen orok ziurtatuko du mikrotxip bat daramala, trazabilitatea bermatzeko.
Proposamenaren betekizunak gutxieneko arauak dira, EBko merkatua harmonizatzeko prestatuak. Estatu kideek, nahi izanez gero, arau zorrotzagoak mantendu edo onetsi ditzakete.
EBko herritarrek 72 milioi txakur eta 83 milioi katu baino gehiago dituzte. Txakur eta katuen salmenten balio zenbatetsia 1.300 milioi eurokoa da urtean. Europarren % 74k uste dute hobeki babestu behar dela konpainia-animalien ongizatea beren herrialdean.
EBren egungo legeria aplikatzen zaie soilik helburu zientifikoetarako erabili edo helburu komertzialetarako garraiatzen diren txakur eta katuei, edo amorruaren eta beste gaixotasun kutsakor batzuen hedapena prebenitzeko. Estatu kideen barneko arauak oso desberdinak dira elkarren artean. Proposamenaren bidez, gutxieneko arau harmonizatuak bermatu nahi dira EB guztian, eta operadore guztientzat bidezko baldintzak sortu nahi dira.
Gainera, 2023ko urrian Eurobarometro berezi bat argitaratu zen europarrek animalien ongizatearen gainean dituzten jarrerak hizpide hartuta, eta, hartan jasotzen denez, EBko herritarrek kezka handia dute beren konpainia-animalien ongizatea hobetzeari dagokionez. Hala, proposamen honek kezka horri erantzuten dio.