Batzordeak Hamarkada Digitalaren egoerari buruzko bigarren txostena argitaratu du, eta ikuspegi globala eskaintzen du Hamarkada Digitalaren programa estrategikoak 2030erako ezarritako helburu eta jomuga digitalak lortzeko egindako aurrerapenei buruz. Aurten, lehen aldiz, txostenarekin batera, estatu kideek Hamarkada Digitalerako aurkeztutako ibilbide-orri estrategikoen azterketa egin da. Bertan, EBren eraldaketa digitalari laguntzeko aurreikusitako neurri, ekintza eta finantzaketa nazionalak zehazten dira.
Batzordearen azterketak erakusten duenez, gaur egungo egoeran, estatu kideen ahalegin kolektiboak ez dira iritsiko EBren anbizio-mailara. Antzemandako hutsune bat da inbertsio gehiagoren beharra, bai nazio mailan, bai EBn, bereziki eremu hauetan: gaitasun digitalak, kalitate handiko konektagarritasuna, enpresek adimen artifiziala (AA) eta datuen analisia bultzatzea, erdieroaleen ekoizpena eta enpresa emergenteen ekosistemak.
EBk eta estatu kideek zeregin garrantzitsua dute esparru juridiko berria betearazteko, teknologia digitalen hedapena sustatzeko neurriak hartzeko, eta herritarrek eraldaketa digitaletik onura ateratzeko gaitasun digital egokiak dituztela bermatzeko. Horregatik, aurtengo txostena dei bat da estatu kideen ekintza indartua anbiziotsuagoa izan dadin; izan ere, Hamarkada Digitalak azpiegitura digitalen, enpresen, gaitasunen eta zerbitzu publikoen arloan dituen helburuak lortzea funtsezkoa da EBren etorkizuneko oparotasun ekonomikorako eta gizarte kohesiorako.
Testuinguru horretan, Batzordeak herrialdekako eta zeharkako gomendio espezifikoak ere eguneratu zituen, EBko estatu bakoitzak hautemandako akatsak konpon zitzan.