Sute handiak gertatu zirenetik bi urte pasatu diren honetan, Foru Komunitatean lanean ari da azalera horiek leheneratzeko eta baso-ekosistemen erresilientzia sustatzeko, LIFE NAdapta Europako proiektuaren bidez.

Nafarroan, 2022ko ekainaren 18tik aurrera (aste honetan bi urte beteko dira), historiako baso-sute suntsitzaileenetakoak izan ziren. Egun gutxi batzuetan, 15.000 hektarea baino gehiago erre ziren; horietatik % 80 basoak ziren, eta gainerako % 20a, nekazaritza-alorrak. 2022ko negua nahiko lasaia izan zen baso-suteei dagokienez, eta soilik 250 hektarea erre ziren; hala ere, uda bestelakoa izan zen, eta gertaera bereziki larriak izan ziren. Gero eta ohikoagoak eta gogorragoak dira muturreko gertaera klimatikoak.

Gertaera hori ohiz kanpokoa izan zen, haren muntagatik ez ezik, baita babes zibilean izan zituen ondorio larriengatik ere. 9.000 pertsona inguru ebakuatu zituzten, sua azkar zabaldu baitzen; kasu batzuetan, herrigune barnera iritsi zen, eta etxebizitzak suntsitu ziren. Oroitzapen horiek bizirik diraute egun hauetan. Orain, suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko plan eguneratua abian jartzen ari da Nafarroako Gobernua, Barne Zuzendaritza Nagusiaren eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bidez. Halaber, Nafarroa indartzen ari da klima-aldaketaren ondorio horien aurreko prebentzioa, erresilientzia eta egokitzapena, LIFE NAdapta Europako proiektuan basoen eremuan jasotako ikerketa eta ekintzen bidez.

Informazio gehiago