Batzordeak 199.700 milioi euroko urteko aurrekontua proposatu du EBrako 2025ean. Aurrekontu horrez gain, 72.000 milioi euro gehiago izanen dira NextGenerationEUren esparruan ordainketak egiteko. Finantza-zuzkidura nabarmen horrek EBri lagunduko dio lehentasun politikoak betetzen, eta, aldi berean, behar diren aldaketak eginen dira, 2024ko otsailean Urte Anitzeko Finantza Esparruaren tarteko berrikuspenean erabaki zen gisan.

2025erako aurrekontuen proiektuaren bidez, funtsak bideratuko dira eragin positiboagoa izan dezaten eta Europar Batasuneko estatuen nahiz mundu guztiko bazkideen beharrak bete daitezen, Europa erresilienteagoa izan dadin eta etorkizunerako prestatuago egon dadin, EBko herritarren eta enpresen mesedetan. Hori lortzeko, trantsizio ekologikoa eta digitala sustatu behar dira, enplegua sortu behar da eta aldi berean indartu behar dira autonomia estrategikoa eta Europak munduan duen eginkizuna. Funtsezko teknologia kritikoak babestuko dira Europarako Teknologia Estrategikoen Plataformaren bidez.

Urte Anitzeko Finantza Esparruaren tarteko berrikuspenarekin bat etorriz, 2025eko aurrekontu-proiektuak etengabeko laguntza emanen die Turkian eta eskualde guztian errefuxiatutako siriarrei, hegoaldeko herrialdeei, migrazioaren kanpo-dimentsioa barne hartuta, eta mendebaldeko Balkanetako herrialdeei. Batez ere, laguntza egonkorra eta aurreikusteko modukoa emanen dio Ukrainari.

2025eko aurrekontu-proiektua Batasunaren epe luzerako aurrekontuaren zati bat da. Azken hori 2020. urtearen bukaeran onetsi zen, 2024ko otsailean aldatu zen, eta ondoren doikuntza teknikoak egin zitzaizkion, eta haren helburua da lehentasunak urteko emaitza zehatz bilakatzea.

Informazio gehiago