Estatuek eta autonomia erkidegoek eskatuta, Europako Batzordeak aldaketa batzuek egin behar izan ditu Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) Erregelamenduan, seihileko honetan egin den eztabaida prozesuaren barnean. José Mª Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak aldaketa horiek guztiak aurkeztu dizkio Nafarroako Nekazaritza Kontseiluari, eta sektoreko ordezkariekin kontrastatu ditu. Era berean, kontseilariak eta bere taldeak azaldu dute, NPEren Plan Estrategiko berrian (NPEPE) sartutako aldaketa eta malgutasunetatik abiatuta, zer egokitzapen aplikatuko dituen Nafarroak, Europako nekazaritza eta ingurumeneko neurriak egokitzeko Foru Komunitateko lehen sektorearen ezaugarri den nekazaritza eta abeltzaintza eredura.
Era berean, kontseilariak Nekazaritza Kontseiluaren aurrean azaldu du bere departamentuak, sektorearekin batera, hurrengo hilabeteetan lehen sektorea suspertzeko prestatuko duen talka planaren ildo nagusien lehen proposamena, eta eztabaidagai jarri du. Planak sei ardatz izanen ditu, eta honako arlo hauei lotutako neurriak jasoko ditu, besteak beste: gobernantza partekatu eta parte-hartzailea, kalitateko eta hurbileko nekazaritzako elikagaien aldeko apustua, sektorearen errentagarritasuna eta belaunaldien arteko erreleboa.
NPEari dagokionez, duela hiru hilabete, Nafarroak aldatzeko eta malgutzeko 49 neurri proposatu zizkion Luis Planas ministroa buru duen autonomia erkidegoetako Nekazaritza Politikako Kontseiluari. Aierdik aldez aurretik adostu zuen proposamen hori UAGN, EHNE eta UCAN nekazaritza erakundeekin, eta asmoa zen garai hartan Europako Batzordean egiten ari zen eztabaidan aurkeztea.
Negoziazio teknikoko hainbat bilera egin dira Brusela, Madril eta Nafarroaren artean, eta, prozesu horren ondorioz, NPEa arautzen duen Europako Erregelamendua eta estatuko zenbait dekretu aldatu dira. Orain, Foru Gobernuak Europako araudi hori Nafarroan modu eraginkorrean nola aplikatu negoziatzen jarraituko du sektorearekin, ahal den neurrian hura malgutu edo egokituta, eta Nafarroak jada aintzat hartu dituen zenbait salbuespen kontuan hartuta, bere lehen sektorearen tipologiagatik justifikatzen direnak.