Deialdiak 80.000 euroko aurrekontua du, eta bi eskaera alditan banatzen da; lehenengoa bihar hasi, eta maiatzaren 31n amaituko da.

Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak NAOn argitaratu ditu ETEei eta SINAIko zentroei I+G+Bko programa komunitarioetan proiektuetarako proposamenak prestatu eta aurkezteko laguntzen deialdiaren oinarriak. Aurrekontua 80.000 eurokoa da, eta eskabideak aurkezten ahalko dira 2024ko maiatzaren 17tik maiatzaren 31ra bitartean. Deialdiak eskabideak aurkezteko bigarren epe bat ere badu: 2024ko irailaren 1etik urriaren 31ra.

Deialdi horri “SIC bonuak” esaten zaio, eta horren helburua da ETEak eta SINAIko eragileak ikerketa zientifikoa, garapen teknologikoa eta berrikuntza (I+G+B) finantzatzeko programa komunitarioetara aurkez daitezen sustatzea. Horretarako, diruz lagunduko dira programa komunitarioetara aurkezten den proiektuaren proposamena egin duten aholkularitza enpresak kontratatzeko gastuak.

Laguntzaren zenbatekoa gastu diruz lagungarriaren % 80 izanen da, baina ezin izanen ditu gainditu oinarrietan ezarritako gehienekoak. Kopuru hori gehienez 15.000 eurokoa izanen da, proiektuaren koordinatzailea ETE bat bada eta 5 bazkide edo gehiago baditu, eta gutxienez 2.000 eurokoa, baldin eta eskatzailea SINAIko eragile bat bada eta 5 erakunde baino gutxiagoko partzuergo batean bazkide gisa parte hartzen badu.

Honako programa hauetarako eskatzen ahalko da dirulaguntza: Horizonte Europa, EURATOM ikerketa eta prestakuntza programa, Europa Konektatzeko Mekanismoa, Europa Digitala, Merkatu Bakarra, Europako Espazio Programa, LIFE Ingurumenerako eta Klima Ekintzarako programa, Interreg Sudoe eta Eremu Atlantikoa, Europa Sortzailea, EU4Health, Batasuneko Babes Zibileko Mekanismoa eta rescEU, eta Europako lankideen I+G+B arloko norgehiagokako deialdiak (adibidez, European Partnerships, ur jauzi bidezko finantzaketa…).

Informazio gehiago