Batzordeak abian jarri du Europako gizarte solaskideei kontsulta egiteko lehen fasea, EBk bidezko telelana eta deskonexio eskubidea bermatzeko hartu ahal dituen ekintzen norabide posibleari buruz duten iritzia biltzeko.
Telelana asko orokortu da, bereziki COVID-19aren pandemiaz geroztik. EBko Biztanleria Aktiboaren Inkestak erakusten du EBn etxetik lan egiten duten pertsonen proportzio orokorra bikoiztu baino gehiago egin dela azken urteetan, 2019ko % 11,1etik 2022ko % 20ra igaro baita. Honi buruz, aldeak nabarmenak dira industria, sektore eta lan profilen arabera, eta lanpostuaren “telelangarritasunaren” araberakoa ere bada; hau da, zenbateraino den posible urrutitik egitea.
Datuek frogatzen dute telelana egin ahal duten eta egiten duten langileek argi eta garbi ikusten dituztela beren abantailak, batez ere malgutasuna; izan ere, 2022an Eurofoundek inkestatutakoen % 60k baino gehiagok baieztatu zuten etxetik lan egin nahi zutela gutxienez lanaldiaren zati batean.
Izan ere, telelanak aukera ugari eskaintzen dizkio lan munduari, baina baita zenbait erronka ere. Lan akordio malguak ahalbidetzen dituen arren, lan ingurune digitalizatuago batean langileen eskubideen errespetua bermatzeko moduari buruzko galderak sortzen ditu.