Europako hauteskundeak ekainaren 6tik 9ra izanen dira. Data horren atarian, Batzordeak Gazteria eta Demokraziari buruzko Eurobarometroa argitaratu du gaur, eta, lehen zantzuen arabera, gazteen % 64k botoa emateko asmoa dute. Dena den, % 38k esan arren botoa ematea dela beren ahotsa entzunarazteko ekintzarik eraginkorrena, % 19k esan dute ez daudela politikan interesatuta, eta % 13k ez dutela botoa emateko interesik.

Inkestak erakutsi du gazte asko aktiboak direla eta konprometituta daudela: % 64k adierazi dute azken hamabi hilabeteetan erakunde baten edo gehiagoren jardueretan parte hartu dutela. Gainera, % 48k adierazi dute gizartea aldatzeko neurriak hartu dituztela eskaerak sinatuz, manifestazio batean parte hartuz edo politikari bati gutun bat bidaliz. Bereziki, giza eskubideekin (% 34), klima aldaketarekin eta ingurumenarekin (% 33), osasunarekin eta ongizatearekin (% 29) eta eskubide berdintasunarekin (% 29) lotutako gaietan daude aktibo gazteak.

Uste dute hezkuntza sistemak ongi prestatu dituela aurre egin beharreko zenbait erronkatarako. Adibidez, % 73k baieztatu dute jaso duten hezkuntzak desinformazioa identifikatzeko beharrezkoak diren gaitasun digitalak eman dizkiela. % 72k adierazi dute hezkuntzak ingurumena zaintzen irakatsi diela.

Azkenik, inkestak erakutsi du gazteek europar pentsamoldea izaten jarraitzen dutela. % 43k baino gehiagok EBko beste herrialderen bateko ekintzaren batean parte hartu dute. Horren ohiko adibideak dira ikasketak edo prestakuntza (% 16), boluntariotza (% 12) edo lana (% 12). Inkestan parte hartu duten gazteen ia erdiak (% 49) diote badakitela zer finantzaketa aukera eskaintzen dituen Erasmus+ programak, hau da, EBren hezkuntzarako, prestakuntzarako, gazteriarako eta kirolerako programak. Gainera, gazteen % 67k uste dute EBk eragina duela, neurri batean behintzat, eguneroko bizitzan; % 26k, berriz, ezetz diote, eta % 7k, ez dakitela.

Informazio gehiago