Ollo lehendakariordeak inauguratu du jardunaldia, eta zorionak eman dizkie “Nafarroa europazaleagoa” eraikitzeko egindako ahaleginagatik

Ostiralean, apirilak 19, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak jardunaldia antolatu du Gomen Fabrikan, Europako Proiektuen Bulegoaren bitartez. Jardunaldi hori Europako proiektuak asmatzen eta kudeatzen lan egiten duten Nafarroako profesionalei zuzendu zaie.

“Nafarroa Europan” izeneko 2021-2024 aldirako Kanpo Ekintzako Planaren 1. ardatzaren esparruan, jardunaldia topaketarako, networkingerako eta ikaskuntzarako gune izan da, 2021-2027 Urte Anitzeko Finantza Esparruko programetan parte hartuz (adibidez, POCTEFA, Horizonte Europa edo Erasmus+), Europaren esparruan lan egiten duten administrazio publikoetako langileentzat eta sektore pribatuko enpresa eta partikularrentzat.

Jardunaldiak berriki finantzatutako Europako proiektuak aurkezteko ere balio izan du, hala nola Ekonomia Sozialeko Negozioen Europako Eskola, Interreg Europe programak finantzatua (Javier Zubicoak aurkeztua), eta nazioarteko talentua erakartzeko WIT proiektua, Horizonte 2020 programak finantzatua (Carlos Martirenak aurkeztua). Gainera, bertaratuek ezagutu dituzte epe ertainean, deialdien bidez, 2024rako aurkezten diren aukerak.

2021-2024 aldirako Kanpo Ekintzako Planaren 1. ardatzak helburu du Nafarroa Europan aktiboki kokatzea eta gehiago erakartzea Europa Nafarroara. Urte Anitzeko Finantza Esparruko Europako funtsak lortzeaz gain, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiko Europako Proiektuen Bulegoak “Nafarroako Europe Direct” leihatila du. Leihatila horren helburua da herritarrei Europar Batasunaren inguruko kezken berri emateko gunea izatea, bai eta ekainaren 9an eginen diren Europako hauteskundeetan parte-hartzea bultzatzeko kanpainak sustatzea ere.

Gainera, maiatzaren 9an Europaren Eguna ospatzearekin bat etorriz, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak webgune bat gaitzen du urtero, Nafarroako Europaren Astea dela eta. Webgune horretan, hezkuntzako edo gizarteko edozein eragilek, edozein partikularrek edo edozein enpresak jakinarazten ahalko ditu maiatzaren 9ko ospakizuna dela-eta antolatzen ari den eta herritarrek ezagutzea nahi duen ekitaldiak, hitzaldiak, elkarrizketak edo programak.

Informazio gehiago