Europa osoan sare digitalen azpiegitura agudoago zabaltzea bermatzeko, Kontseiluak gigabit azpiegiturari buruzko legea onetsi du, zeinak ordeztuko baitu banda zabalaren kostuak murrizteko 2014ko Zuzentaraua (BCRD). Lege berriak helburua du abiadura handiko sareen (hala nola zuntza eta 5G) hedapena sinplifikatu eta bizkortzea, hamarkada honetarako iparrorratz digitalean ezarritako Europako konektibitate-helburu eta jomugak lortzeko.
Erregelamendu berriaren beste helburu bat da, halaber, gaitasun handiko sareak hedatzeak beharrik gabe dituen kostu handiak murriztea, baimenak emateko prozedurek sortu baitituzte, neurri batean. Baimenak sinplifikatu eginen dira, sektore publikoko erakundeen eta telekomunikazio-operadoreen arteko nahitaezko kontziliazio-mekanismo baten bidez. Horretaz gain, legeria berriak gardentasun handiagoa ekarriko du, eta komunikazio elektronikoen sare publikoen operadoreentzako plangintza eraginkorra bermatuko du.
Jendeak eta enpresek informazioaren gizarteko zerbitzuak eskuratzeko aukera hobea izan dezaten, eraikinen barruko azpiegitura fisikoen hedapena eta haietarako sarbidea ere jorratzen ditu gigabit azpiegiturari buruzko legeak.
Lege berriak, halaber, nolabaiteko malgutasuna ematen die estatu kideei, azpiegitura nazional kritikoetarako salbuespenak kasu.
Azkenik, Europar Batasunaren barruko komunikazio arautuetarako egungo txikizkako prezioen muga 2024ko maiatzaren 14an iraungiko denez, gaur egungo mugak (minutuko 0,19 euro, deietan, eta mezuko 0,06 euro, SMSetan) 2032ko ekainaren 30era arte luzatuko dira, bereziki kontsumitzaile kalteberen babesa bermatzeko.