Batzordeak begi onez hartu du Europako Parlamentuak gaur Osasun Datuen Europako Esparrua eta giza jatorriko substantzien (SoHO) segurtasuna eta kalitatea areagotzeko arau berriak onetsi izana. Bi giltzarri dira Osasunaren Europar Batasuna sendoa izan dadin, herritarren osasuna babestu dezan eta osasun-sistemen erresilientzia hobetu ditzan.

Arau berriei esker, herritarrek aukera izanen dute beren osasun-datu digitalak berehala eta aise eskuratzeko EBn daudenean, haien kokapena edozein delarik ere. Adibidez, paziente batek osasun-laguntza atzerrian eskatzen badu, osasun-profesionalek pazientearen jatorrizko estatu kidean dagoen haren funtsezko informazioa eskuratzen ahalko dute, beharrezkoa bada. Horrek probetan oinarritutako erabaki-hartzea hobetuko du, probak eta azterketak errepikatzea murriztuko du, eta pazienteei ematen zaien arreta hobetuko du.

Osasun Datuen Europako Esparruak, halaber, esparru juridiko sendo bat ezartzen du datu sanitarioak berrerabil daitezen ikerketarako, berrikuntzarako eta osasun publikorako, datuen gainean EBk dituen segurtasun- eta eskuratze-irizpide zorrotzak, oinarrizko eskubideak eta zibersegurtasun-arauak errespetatuta. Datuek lagunduko dute bizi-tratamendu eta sendagai pertsonalizatuak garatzen eta krisiei aurre egiteko Europako prestakuntza hobetzen.

Informazio gehiago