Batzordeak 2023an trafiko istripuetan hildakoei buruzko aurretiazko zifrak
argitaratu ditu gaur. Iaz EBn 20.400 pertsona inguru hil ziren trafiko istripuetan, hau da, 2022aren aldean % 1eko beherakada txikia gertatu da. 2019tik, erreferentzia urtetik, aurrerapen batzuk egin diren arren[1], estatu kide gutxi daude EBren eta Nazio Batuen helburua betetzeko bidean, hots, hemendik 2030era bitartean errepideko heriotzen kopurua erdira jaistetik.
2018an, EBk hemendik 2030era errepideko heriotzak —eta, lehen aldiz, baita lesio larriak ere— % 50 murrizteko helburua ezarri zuen. Hori Batzordearen Bide Segurtasunari buruzko Ekintza Plan Estrategikoan eta EBren bide segurtasunaren arloko 2021-2030erako esparru politikoan ezarri zen. Azken horretan ere bide segurtasuneko planak ezartzen dira, hemendik 2050era errepideetan zero heriotza lortzera bideratuak («Zero Ikuspegia»).
2023an, trafiko istripuetako heriotzak % 1 gutxitu ziren EB osoan aurreko urtearen aldean. 2019arekin alderatuta 2.360 hildako gutxiago izan direla esan nahi du horrek (-% 10), baina zenbait estatu kidetan beheranzko joera eten egin da.
2019tik, Espainian, Frantzian eta Italian errepideko heriotzen kopuruak apenas egin du behera, eta, Irlandan, Letonian, Herbehereetan, Eslovakian eta Suedian gora egin du. Aldiz, azken lau urteetan, Belgika, Txekia, Danimarka, Hungaria eta Polonia hemendik 2030era bitartean errepideko heriotzak eta lesio larriak % 50 murrizteko helburura hurbiltzen joan dira[2].
Herrialdeetako heriotza tasen sailkapen orokorrean ez da aldaketa nabarmenik izan, beraz, errepide seguruenak Suediakoak (22 heriotza milioi biztanleko) eta Danimarkakoak (27 heriotza milioi biztanleko) dira oraindik ere. Bulgariak (82 heriotza milioiko) eta Errumaniak (81 heriotza milioiko) jakinarazi zituzten 2023ko heriotza tasarik handienak. Batasuneko batez bestekoa milioi bat biztanleko 46 heriotzakoa izan zen.