Kanpo Ekintzaren esparruan, Ollo kontseilariak azpimarratu duenez, “Europa herriz herri eraiki” behar da, Nafarroa parte den mugaz gaindiko eremuari balioa emanez eta “aukera gisa” ikusiz. Hori dela eta, NAOn berriki mugaren bi aldeetako eragileen arteko lankidetza sustatzeko 2024ko mugaz gaindiko dirulaguntzen deialdia argitaratu dela gogorarazi du.
Mugaz gaindiko laguntzen deialdia 2021-2024rako Kanpo Ekintzaren Planean jasotako neurrietako bat da. Plan horren 2. ardatzak (Mugaz Gaindiko Nafarroa) honako xede hau du: Nafarroa mugan kokatuta dagoela baliatuz Europako lankidetza foro eta programetan aktiboki parte hartzea, lurraldearen, bertako Administrazio Publikoaren eta eragile sozioekonomikoen mesedetan.
Gainera, Euroeskualdearen Batzarrean, kultura, eleaniztasuna, hezkuntza, gazteria, kirola eta gizarte erronka garaikideak ardatz dituzten “Euroeskualdeko Herritartasun” proiektuak garatzeko deialdi bat onartu zen, 500.000 eurokoa.
Eskala txikiko proiektuak bultzatuz, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak etorkizunean eskala handiagoko ekimenak bultzatzen lagundu dezaketen sinergiak, harremanak, lankidetzak eta abar bultzatu nahi ditu, hala nola euroeskualdea edo POCTEFA (Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa Eragilea) lurraldea, Pirinioetako Lan Elkarteak kudeatua. Nafarroa elkarte horren parte da sortu zenetik, eta haren hurrengo deialdiari buruzko informazioa ere partekatu da, baita udalerrientzat interesgarriak izan daitezkeen Euroeskualdeko beste deialdi batzuei eta bestelako ekimen batzuei buruzkoa ere.