Batzordeak gaur proposatu duen estrategia globalak aukera emanen du EBren industria-lidergoa lortzeko material aurreratuen alorrean, teknologia hori funtsezkoa eta arras egokia baita trantsizio ekologikoa eta digitala batera egiteko. Industria-lidergorako material aurreratuei buruzko Komunikazioak neurri zehatzak ezartzen ditu EBko ikerketako eta berrikuntzako lehentasunak eta inbertsioak bateratu ahal izateko, Europak funtsezko teknologia horretan duen lidergoa bermatuz. Estatu kideak eta industria ekimen horren zain-zain zeuden: lehen urratsa da material aurreratuei buruzko ikuspegi europar amankomun baterantz eta, gainera, ekintza berrietarako oinarriak ezartzen ditu.

Material aurreratuak errendimendu handiagoa edo funtzio bereziak izateko maneran sortu eta diseinatu dira, eta inoizko abiadurarik handienean garatu ahal izanen dira, egungo ezagutza zientifikoei eta gaitasun informatikoari esker. Funtsezkoak dira berrikuntza bideratzeko energiaren, elektronikaren, eraikuntzaren eta mugikortasunaren arloetan, besteak beste, eta, hortaz, erabakigarriak dira trantsizio ekologiko eta digitalerako. Ikerketa-eremuen hasierako zerrenda gero batean zabalduko dela espero da, laster sortuko den Kontseilu Teknologikoarekin eratuko den elkarrizketaren esparruan.

Estrategiaren xedea da EBren epe luzerako lehiakortasuna hobetzea, Europar Batasunak materialen teknologia berrien abangoardian segitzen duela bermatuz, garapenerako, saiakuntzarako eta hedapenerako ahalmenak babesturik. Ekintzek, bestetik, EBren autonomia estrategiko irekia eta segurtasun ekonomikoa indartuko dituzte, material kritikoekiko mendekotasuna urrituko baitute, material horien ordez beste batzuk erabiliz edo haiek birziklatzen eta berrerabiltzen lagunduz.

Informazio gehiago