Kontseiluaren presidenteak eta Europako Parlamentuko negoziatzaileek behin-behineko akordio bat lortu dute adimen artifizialari (AA) buruzko arau harmonizatuak ezartzen dituen proposamenari buruz (adimen artifizialeko legea ere esaten zaio).
Erregelamendu proiektuak bermatu nahi du Europako merkatuan merkaturatutako eta EBn erabilitako AAko sistemak seguruak izanen direla eta EBren oinarrizko eskubideak eta balioak errespetatuko dituztela. Proposamen historiko horren helburua da, halaber, Europan AAn inbertitzea eta berritzea.
AAren Legea legegintza ekimen adierazgarria da, EBko merkatu bakar osoan AA seguru eta fidagarria garatu eta onartzeko potentziala duena, bai sektore publikoaren aldetik, bai pribatuaren aldetik.
Ideia nagusia AA erregulatzea da, azken horrek gizarteari kaltea eragiteko duen gaitasunean oinarrituta, “arriskuan oinarritutako” ikuspegiari jarraiki: arriskua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta zorrotzagoak izanen dira arauak. Mota horretako munduko lehen legegintza proposamena da, eta, beraz, beste jurisdikzio batzuetan AA arautzeko estandar orokorra ezar dezake, DBEOk bezala (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), eta, horrela, araudi teknologikoaren ikuspegi europarra susta dezake munduko agertokian.