Kontseiluak zenbait gomendio onetsi ditu, hezkuntza eta prestakuntza digitalak arrakastatsuak izan daitezen funtsezkoak diren faktore bideratzaileei buruz, eta hezkuntzan eta prestakuntzan gaitasun eta konpetentzia digitalen hornidura hobetzeari buruz.
Pakete horren bidez, hezkuntza benetako eraldaketa digitalerako prestatzeko dagoen premiari erantzun nahi dio Kontseiluak, garai berrietara egokitzeko aukera emanez, eta aldi berean, errealitate berri horretan beharrezkoak diren gaitasunak eta konpetentziak eskainiz.
Gaitasun eta konpetentzia digitalei buruz Kontseiluak gaur onetsi duen Gomendioaren arabera, estatu kideek nazio edo, beharbada, eskualde mailako estrategia edo ikuspegi estrategikoak adostu behar dituzte, hezkuntza digitalaren eta gaitasun eta konpetentzia digitalen arloan, eta ekimen hauetarako gonbitea luzatzen die:
- gaitasun eta konpetentzia horiek betetzeko helburu nazionalak ezarri edo berrikustea;
- «lehentasunezko taldeei edo iristeko zailak diren taldeei» zuzendutako neurriak hartzea;
- Lehen eta Bigarren Hezkuntzan gaitasun eta konpetentzia digitalak indartzea;
- gaitasun digitalen irakaskuntza zeharkako gai gisa sustatzea irakasgai desberdinetan;
- goi mailako hezkuntzako ikasle guztien gaitasun eta konpetentzia digitalak hobetzea, maila eta diziplina guztietan ikasteko aukerak eskainiz;
- helduei aukera ematea gaitasun digitalak eskuratzeko, eta IKTetako profesionalen urritasunari aurre egitea.