Kanpo Gaietarako Kontseiluak, garapenaren alorrean eginiko prestakuntzan, zenbait ondorio onetsi ditu trantsizio sozial, ekologiko eta digitalari buruz. Haietan, Kontseiluak berretsi egiten du Europar Batasunak eta estatu kideek Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin duten konpromisoa.

Ondorioek azpimarratzen dutenez, gaur egun, klima-aldaketak eta krisi ekologikoak oztopatu egiten dute garapen jasangarria, eta beste horrenbeste egiten dute mundu zabalean izan diren nahasmenduek eta gatazkek ere, hala nola COVID-19aren pandemiak eta Errusiak Ukrainaren aurka eginiko eraso-gerrak. Krisi horiek guztiek egonkortasuna galarazi diote panorama geopolitikoari: larriagotu egin dira munduko erronkak eta areagotu egin da kalteberatasuna, bereziki garapen bidean dauden herrialdeetan.

Kontseiluak bereziki nabarmentzen ditu herrialdeen barruan ageri diren pobrezia- eta desberdintasun-maila gero eta handiagoak, eta adierazten du mehatxu egiten diotela garapen jasangarriari. Inor gibelean ez uzteko, agenda sozial indartsu eta positibo bat sustatu behar da, herrialde elkartuekin lankidetzan.

Informazio gehiago