Europako Batzordeak abiarazi du 2024ko Europako Seihilekoko politika ekonomikoak koordinatzeko zikloa. Udazkeneko paketea aurreikuspen ekonomikoetan oinarritzen da, zeinen arabera EBko ekonomiak tinko jarraitzen baitu azken urteetan bizitako nahasmendu ugarien aitzinean. Alabaina, 2023an galdu egin da hazkunde-bulkada, inflazio handiak eta finantzaketa-baldintzen gogortzeak eraginda. Hori kontuan izanik, hazkundearen gorakada moderatu bat baino ez da espero 2024rako.

EBk erronka estruktural garrantzitsu batzuk ditu aurrez aurre, hala nola produktibitatearen hazkunde txikia, trantsizio ekologikoa eta digitala, zahartzea eta gizarteratzea, lehiakortasun jasangarriaren bidean jarraitu ahal izateko. Gertakari geopolitiko aztoragarriek ere erakutsi dute beharrezkoa dela Europar Batasunak lehiakor izaten jarraitzea merkatu globalean, eta, aldi berean, inor ez uztea gibelean.

Politika ekonomikoak Europako Seihilekoaren bidez koordinatzeak helburu horiek lortzen lagunduko die estatu kideei, lehentasunak ezarriko baitituzte eta heldu den urterako orientabide politiko argiak eskainiko baitituzte, ongi koordinaturik.

Informazio gehiago