Europako Batzordeak zenbait ekimen berri aurkeztu ditu talentuaren gaitasun- eta mugikortasun-pakete baten esparruan, Europar Batasuna erakargarriagoa izan dadin kanpoko talentuarentzat eta barne-mugikortasuna errazteko.
Jakinarazi dituzten neurriak EBrako talentu-erreserba berri bati zuzenduak dira, Batasuneko erakunde enplegatzaileak hirugarren herrialdeetako enplegu-eskatzaileekin harremanetan jartzeko. Horretaz gainera, ikasleen kualifikazioak eta mugikortasuna aitortzeko neurriak ere aurreikusten ditu. Gaitasunen Europako Urtearen emaitzak dira funtsean.
Europar Batasunak eskulan eskasia du oraindik ere sektore eta kualifikazio-maila jakin batzuetan. Europak Batasunean bertan ekin dio urritasun hori konpontzeko lanari, eta etengabe ari da lanean europarren gaitasunak hobetzeko, eskulana profesionalki birziklatzeko eta EB barruan alferrik galdutako eskulanaren potentziala merkatu bakarraren mesedetan baliatzeko. Hala ere, estatu kideek duten eskasiari aurre egiteko, Europar Batasunak mundu osoko gaitasunak eta talentua erakarri beharko ditu. Metodo horrek arrakasta izan dezan, EBk gai izan behar du talentua erakartzeko, baita atxikitzeko ere. Onuragarria izaten ahal da, orobat, hirugarren herrialde bazkideekiko lan-migrazioaren arloko lankidetza sustatzea, jakintza espezializatuak ez ezik finantza-laguntza ere itzuliko baitzaizkio jatorri-herrialdeko ekonomiari.
Etorkizunera begira aurreikusitako ekimenak lagungarriak izanen dira estatu kideentzat, talentua erakartzeko mundu-lasterketa horretan.