Eskualde-garapenean espezializatutako Europako Parlamentuko zenbait kidek eta Eskualdeetako Komiteko toki-lider batzuek Europar Batasunaren 2027tik aitzinerako Kohesio Politika berriaren parametroak eztabaidatu zituzten.

Hain zuzen ere, «Europar Batasunaren 2027tik aitzinerako Kohesio Politika berriaren parametroak» izan zen Europako Parlamentuko Eskualde Garapeneko Batzordeak (REGI) eta Europar Batasuneko Lurralde Kohesioko Politika eta Aurrekontu Batzordeak (COTER) elkarrekin eginiko urteko bileraren gaia.

Parte-hartzaileek adostu zuten lehentasunak berbera izaten jarraituko duela; hau da, politikak Europar Batasunean gizarte-, ekonomia- eta lurralde-garapena bultzatzen laguntzea, eta, horrekin batera, trantsizio digital eta ekologiko bidezkoa eta integratzailea lortzea. Europar Batasuneko eskualdeen epe luzeko oparotasuna izanen da helburu nagusia etorkizunean ere. Alabaina, kohesio-politikak malgutasunez asmatu behar du egungo erronka berriei eta krisiei erantzuten, Batasuneko eskualdeen garapenean duen inpaktua kontuan izanik.

Berrikuntzan eta digitalizazioan inbertitzea lagungarria izaten ahal da eskualdeen artean ageri diren desberdintasunak murrizteko eta ezabatzeko, bai eta hazkunde jasangarri orokorra bultzatzeko ere. Aldi berean, Europar Batasuneko eskualdeek etorkizuneko erronketarako prestatu beharko dute, hala nola demografia- eta klima-aldaketek ekarriko dituztenetarako, bereziki garapen-maila apalena duten eskualdeetan. Kohesio-politikak malgutasunez erantzun beharko dio bilakaera desberdin horri, eta egokitu egin beharko du Europar Batasuneko eskualdeen banakako beharretara. Kohesio-politika berri horretan, funtsezkoak izanen dira eskualde-erakundeen parte-hartzea eta maila anitzeko gobernantza, eta, era berean, eginkizun erabakigarria izanen dute tokiko eta eskualdeko beste alderdi interesdun batzuk inplika daitezen. Horri esker, gehiago barneratuko dituzte EBren politikak, eta muturreko joeren aurka borrokatzen lagunduko dute.

Informazio gehiago