Nafarroako Gobernua da partzuergo eragilearen burua, eta bertan parte hartzen dute, halaber, Nasuvinsak, Iruñeko Udalak, Zabalak eta Skäne (Suedia) eta Emilia Romagna (Italia) eskualdeetako erakundeek
Iruñean izan da Europako PLAN4CET proiektuari hasiera ematen dioten saioetako lehena. Proiektu horren helburua da trantsizio energetikorako ibilbide orri bat bultzatzea, herritarrei eredu iraunkorrago eta bidezkoago baterantz aldatzeko aukera emanen diena, gobernantza sistema berri bat garatzeko. Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak gidatuko du lana, eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak ere parte hartuko du. Gainera, partzuergoko kide dira Nasuvinsa, Iruñeko Udala, Zabala eta Suediako Skäne eta Italiako Emilia Romagna eskualdeetako erakundeak.
Europako Batzordeak ekainean onetsi zuen proiektu hori, eta 1,5 milioi euroko aurrekontua du, guztira. Proiektu berritzailea da; izan ere, hainbat administrazio publikok parte hartzen dute, eta lankidetzan jardunen dute deskarbonizazioan eta energia ereduaren aldaketan aurrera egiteko, Nafarroako 2030erako Energia Planaren eta Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen esparruan. Horrez gain, eskualdeek sinergiak sortzen ahalko dituzte beren artean, eta beren lurraldeetan edo beste lurralde batzuetan garatutako jardunbide egokiak partekatzen ahalko dituzte, beste eremu batzuetan errepikatu ahal izateko.