Tokiko eta eskualdeetako liderrek beren eskaera nagusiak aurkeztu dituzte kohesiorako politikaren etorkizunari buruzko irizpenean, zeina Eskualdeetako Lantaldeko lehendakari Cordeiro jaunak eta COTER Batzordeko lehendakari Boc jaunak prestatu baitute.
Hiriek eta eskualdeek aurkeztu dituzte etorkizunerako erabakigarria den politika horri buruzko lehen eskaerak; Murtzian (Espainia) kohesiorako politikako ministro-bilera informala eginen dute EBko arduradunek, eta hura baino egun batzuk lehenago aurkeztu dituzte hiriek eta eskualdeek eskaera horiek. Kohesiorako politika erreformatu batek sortzen ari diren desberdintasunei heldu behar die, soilagoa izan behar du, eta EBko lurraldeetan tinko errotuta egon. Egungo baldintza makroekonomikoak ezabatu behar dira, eta larrialdietarako mekanismo berri bat sortu, funtsak erabiltzeari begira; hartara, toki erakundeei malgutasuna emanen zaie, ustekabeko krisiei aurre egin ahal izateko.
EBko lurralde-desberdintasunek hortxe diraute eta, gainera, COVID-19 pandemiak, klima-aldaketak eta Ukrainaren aurkako gerrak beste desberdintasun batzuk sortu dituzte, eta egungo egiturazko ahuleziak larriagotu. Europar Batasunak ezinbestekoa du kohesiorako politika sendo eta erreformatu bat izatea, ekonomia-, gizarte- eta lurralde-desberdintasun horiei aurre egin ahal izateko EBko eskualde orotan.