Hona hemen Kontseiluak atera dituen ondorioetako batzuk:
- Aurten, aurreko urteetan bezala, EBk bere ahotsa zabalduko du gertatzen diren giza eskubideen urraketen eta abusuen aurka, eta uste du Nazio Batuen Batzar Nagusiaren Hirugarren Batzordea eta Giza Eskubideen Kontseilua foro egokiak direla egoera horiei aurre egiteko. EBk laguntza emanen die Giza Eskubideen Kontseiluaren edo Hirugarren Batzordearen agendan agertu behar duten ekimenei.
- Bereziki, Errusiak Ukrainaren aurka daraman probokatu gabeko eta justifikaziorik gabeko eraso-gerra irmo kondenatzen jarraituko du EBk, eta Errusiako eraso militarraren ondorioz giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa guztien aurkako ahotsa goratzen, baita sexu- eta genero-indarkeria kasuetan ere.
- EBk iritzi- eta adierazpen-askatasunerako eskubidea sustatzen eta babesten jarraituko du, linean zein lineatik kanpo, bai eta komunikabideen askatasunerako eskubidea ere, eta kazetarien, blogarien eta komunikabideetako beste langile batzuen aurkako jazarpena, mehatxuak eta erasoak kondenatuko ditu. Komunikabide pluralei eta independenteei ematen zaien laguntza indartuko du, eta gogora ekarriko du estatuek duten erantzukizuna, hau da, bermatzea beren legeria, politikak eta informazio-arloko neurri nazionalak bat datozela giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen arabera dauzkaten betebeharrekin.