424 EUROPE DIRECT zentro daude Europar Batasunari buruz dituzun galdera guztiei erantzuteko prest. Zentro horiek Europa herritarrentzat eskuragarria izatea lortzen dute, eta herritar horiek EBren etorkizunari buruzko eztabaidetan parte hartzea sustatzen dute.
Ikastetxeetara ere joaten dira; bertan aurkezpenak egin, irakasleak trebatu eta argitalpen ofizialak banatzen dizkiete. Zerbitzuak doan eskaintzen dira. Hona hemen 5 arrazoi hurbilen duzun EUROPE DIRECT informazio zentroa bilatzeko:
- Ahalik eta etekin handiena atera EBri
Bai atzerrian ikasi nahi baduzu, bai zure enpresarako finantzaketa lortu nahi baduzu, bai beste herrialde batean truke profesional bat egin nahi baduzu, bai EBko demokraziaren funtzionamenduari buruz gehiago jakin nahi baduzu, EUROPE DIRECT zentroetako profesionalek lan horietan lagunduko dizute. Zure galderei erantzunen diete edo erantzun egokia aurkitzeko nora jo jakinaraziko dizute.
- Eman zure iritzia Europaren etorkizunari buruz
EUROPE DIRECT zentroak funtsezko eragileak dira Europaren etorkizunari buruzko Konferentzian. Tokiko ekitaldiak antolatzen dituzte, bai offline, bai online, izan nahi dugun etorkizunarekin zerikusia duten gaiak eztabaidatzeko. Nola egin dezakegu aurrera ekonomia inklusiboago baterantz? Nola hobetu ditzakegu zerbitzu publikoak osasun sektorean? Zure eskualdeko ekitaldietako batean parte har dezakezu, eta EBren etorkizunari forma eman, elkarrekin.
- Esan zer iritzi duzun EBren ekimenei buruz
EUROPE DIRECT zentroek ildo zuzena dute EBko erakundeei informazioa emateko. Zure zentroarekin kezkak, iritziak eta premiak partekatuz gero, zuretzat eta EBko gainerako herrialdeentzat politika hobeak sortzen lagun dezakezu.
- Ezagutu zure hizkuntza hitz egiten duen eta zure tokiko erronkak ezagutzen dituen EBko aditu bat
EUROPE DIRECT zentroek interesatzen zaizun informazioa zure ama hizkuntzan eskuratzen lagun diezazukete. Informazioa eman diezazukete EBren politikek eta ekimenek zure eskualdean duten eraginari buruz, baita zuretzat, zure enpresarentzat edo zure karrerarentzat dauden aukerei buruz ere.
- Beharbada zuk uste baino hurbilago duzu EUROPE DIRECT zentro bat
Hurbilen duzun EUROPE DIRECT zentroa mapa interaktiboan aurkitu ondoren, hainbat aukera dituzu: zentroa bisitatu, horri idatzi edo deitu, mezu elektroniko bat igorri edo sare sozialetan aurkitu.
Edozein informazio edo laguntza behar izanez gero, jar zaitez harremanetan haiekin, gehien komeni zaizun moduan.
Bazenekien…?
EUROPE DIRECT zentroek historia luzea dute jendea dagoen lekuetan, EBko eskualdeetan, hain zuzen.
Zentro horiek 1992an jarri ziren abian, Frantzian eta Belgikan, “Carrefours de l’Europe” izenarekin, informazioa landa eremuetaraino oztoporik gabe iritsiko zela bermatzeko. “Carrefour” horiek “Info-Relays Europe” deiturikoekin osatu ziren 1996an. Bi sareak 2005ean batu ziren “EUROPE DIRECT” izenpean. Gainera, izen bera du EBko telefono-zenbaki bakarrak. 2005etik aurrera, EUROPE DIRECT zentroek EBko herrialde guztietan sare berdina dagoela bermatzen dute.
Itzulpenak: gaztelaniazkoa, Nafarroako EUROPE DIRECT; euskarazkoa, Euskarabidea. Esteka honetan duzu jatorrizko bertsioa: