EBk kofinantzatzen du Horizon 2020 programaren eta Marie Sklodowska Curie ekintzen barruan, eta Espainian kofinantzaturiko 11 proiektu europarren artean gobernu autonomiko batek bultzaturiko bakarra da.
Programa horri esker, mundu guztiko 16 ikertzaile joanen dira Nafarroara 36 hilabetez S3 Estrategiaren ikerketa-ildo estrategikoetan doktoretza-programa berritzaile bat egiteko; hauexek dira ildo horiek: Osasuna, Automozio-Mekatronika & Fabrikazio Aurreratua eta Energia. Adimen artifiziala zeharkako laugarren eremua da.
Programaren aurrekontua, guztira, 2,6 milioi eurokoa da datozen 5 urteetarako. Europar Batasunak % 50 finantzatuko du, eta Nafarroako Gobernuak beste % 50a.
Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusia izanen da programaren erakunde koordinatzailea, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak, entitate laguntzaile gisa, ikertzaileak hartuko dituzte beren ikerketa-taldeetan. Programan parte hartzen duten 29 erakundeetako batean egonaldiak egiteko aukera izanen dute ikertzaileek; unibertsitateak, ikerketa- eta teknologia-zentroak eta enpresak dira erakunde horiek.
Programaren helburuetako bat da Foru Komunitatea zientziaren eta teknologiaren nazioarteko mapan kokatzen laguntzea, Nafarroako unibertsitate-sistema lehen mailako erakunde zientifikoekin lotuz.
Hona hemen WITen indargune nagusiak:
- Ikerketa-proiektu aitzindariak garatzea eta goi-mailako prestakuntza zientifikoa ematea hautatutako arloetan.
- Nafarroako Foru Komunitateko Eskualde Espezializazio Adimendunaren (RIS3) hiru ardatzetan laguntzea.
- Edozein nazionalitatetako ikertzaile bikainen nazioz gaindiko mugikortasuna indartzea RIS3 arloetan.
- Sektore arteko esperientzia integrala eskaintzea, unibertsitateen, erakunde ez-akademikoen eta enpresa pribatuen arteko lankidetza estuaren bidez, maila bikoitzean: a) Nafarroako Foru Komunitatean eta b) nazioartean.
- Gaitasun transferigarriak eskuratzea sustatzea, prestakuntza osagarrien bidez eta kanpoko erakunde bazkideren batean egonaldiak eginez.
- Nazioartekotzea bultzatzea egonaldi laburren eta ikerketara bideratutako prestakuntzaren bidez mundu guztiko ikerketa-erakunde ospetsuetan.
- Nazioarteko sarea eta eskualde-lankidetza hobetzea erakunde akademikoen eta industrialen artean.
- Programaren arloetan adituak diren 30 erakunde akademiko eta industrialek parte-hartzea, sektore artekoa eta nazioarteko ekosistema erakargarria bermatzen dutenak egonaldiak eta prestakuntza espezializatua eskainiz.