Kontseiluak eta Parlamentuak behin-behineko akordio bat adostu dute, zerbitzu finantzarioen eta inbertsioari laguntzearen alorrean informazio-eskakizun jakin batzuk errazteko (datu-trukea hobetzea). Erregelamendu berriak finantza-sektoreko agintaritzen zama administratiboa arinduko du, Europako Ikuskaritza Agintaritzen (EIA) eta finantza-sektoreko beste agintaritza batzuen artean datuak trukatzeari buruz dauden arauak erraztuz eta informazio-eskakizun berriak mugatuz.
Kontseiluak eta Parlamentuak adostu dute Europako Ikuskaritza Agintaritzen (EIA) Batzorde Mistoak, dagozkion agintaritza guztiekin batera, informazio-sistema integratu baten sorrera posibleari buruzko txosten bat landu dezan. Informazio-sistema integratuak datuen hiztegi komun bat eta informazioa jasotzeko eta trukatzeko datu-espazio bat izanen lituzke. Erregelamendua indarrean sartu eta 5 urte igaro arte landuko litzateke txostena. Orduan, Batzordeak ebaluatuko luke sistema hori ezartzeko legegintza-proposamen bat aurkeztea egokia izanen litzatekeen ala ez.
Behin-behineko akordioak zehazten duenez, informazio-trukea EBko legeditik eratorritako informaziora mugatuko litzateke. Estatuetako agintaritza eskudunek borondatez hartuko dute parte informazio-trukean. «Behin informatzearen» printzipioan oinarrituko da informazio-trukea. Printzipio horren arabera, sektore publikoko agintaritzek, informazioa finantza-erakundeei eskatu aurretik, egiaztatuko dute ea informazioa beste agintaritza batzuen eskura dagoen jada, betiere premiazko eskaerak ez badira.