Batzordeak Meta enpresari jakinarazi dio “ordaindu edo baimena eman” publizitate-ereduak ez duela betetzen Merkatu Digitalen Legea, Batzordearen atariko ondorioen arabera. Batzordearen atariko iritziaren arabera, bi aukerako eredu horrek erabiltzaileak behartzen ditu beren datu pertsonalak erabili daitezen baimentzera, eta ez die aukerarik ematen Metaren sare sozialen bertsio ez hain pertsonalizatua, baina baliokidea, erabiltzeko.
Online plataformek, askotan, datu pertsonalak biltzen dituzte beren zerbitzuen eta hirugarrenen zerbitzuen bidez, online publizitate-zerbitzuak eskaintzeko. Merkatu digitaletan posizio nabarmena dutenez, gatekeeper direlakoek lortu dute zerbitzu-baldintzak ezartzea beren erabiltzaileei, asko baitira, eta horri esker datu pertsonal asko eta asko bildu ahal izan dituzte. Horrek abantaila potentzialak eman dizkie lehiakideen aurrean, azken horiek ez baitute modurik hainbeste datu eskuratzeko, eta, hala, oztopo handiak sortu dira online publizitate-zerbitzuak eta sare sozialetako zerbitzuak emateko orduan.
Merkatu Digitalen Legearen 5. artikuluko 2. apartatuari jarraikiz, gatekeeperrek erabiltzaileei baimena eskatu behar diete haien datu pertsonalak konbinatzeko izendatutako plataforma nagusiko zerbitzuen eta beste zerbitzu batzuen artean, eta, erabiltzaile batek baimen hori ukatzen badu, aukera izan behar du baliokidea den aukera ez hain pertsonalizatuan sartzeko. Gatekeeperrek ezin dute eskatzaileen baimena eskatu zerbitzua erabili ahal izateko edo zenbait funtzionalitate eskaintzeko.
Atariko ondorioak bidaltzearekin batera, Batzordeak Metari jakinarazi dio Merkatu Digitalen Legea urratzen ari dela, atariko iritziaren arabera. Horrek ez du ikerketaren emaitza aurrez epaitzen. Metak aukera du orain defentsa-eskubideak baliatzeko eta Batzordearen ikerketa-espedienteko agiriak aztertzeko, eta Batzordearen atariko ondorioei idatziz erantzuten ahalko die. Batzordeak 12 hilabeteko epean burutuko du ikerketa, 2024ko martxoaren 25etik zenbatzen hasita, orduan abiarazi baitzen prozedura.