Kontseiluak onetsitako orientabide orokorrak helburu du nahitaezkoa izan dadila lurzoruaren osasuna kontrolatzea; lurzorua modu jasangarrian kudeatzeko printzipio gidariak ezartzen ditu, eta ezartzen du nola jokatu behar den lurzoruaren kutsadurak osasunerako eta ingurumenerako arrisku onartezinak dituenean.
Kontsumitzen ditugun elikagaien % 95ek lurzoru osasuntsuetan dute oinarria; halaber, horietan dago munduko biodibertsitatearen % 25 baino gehiago, eta lurreko karbono-erreserbarik handiena dira gure planetan. Hala ere, lurzorua baliabide mugatua da, eta Europar Batasuneko lurzoruen % 60 baino gehiago ez daude egoera onean.
Batzordeak 2021ean aurkeztu zuen EBko lurzoruari buruzko estrategia, eta, haren arabera, Batasunean legedia espezifikorik ez egotearen ondorioz daude EBko lurzoruak horren egoera kezkagarrian. Lurzoruak ere urak, itsas inguruneak eta aireak duten babes-maila bera izan dezan Europar Batasunean, Batzordeak Lurzorua zaintzeko Zuzentaraua aurkeztu zuen 2023ko uztailaren 5ean.
Proposaturiko zuzentarauaren azken helburua da lurzoru guztiak egoera onean egotea 2050erako, bat etorriz zero kutsadura lortzeko EBren helburuarekin. Halaber, proposaturiko zuzentarauak lagunduko du Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda betetzen.