Eurodiputatuek Kontseiluari eskatu diote EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunean sar ditzala sexu eta ugalketa arloko osasun laguntza eta abortu segurua eta legezkoa izateko eskubidea.
Ebazpenak aldeko 336 boto, kontrako 163 boto eta 39 abstentzio eskuratu zituen ostegunean, eta hartan Ganberak eskatu du, hainbatean egin bezala, EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunean jaso dadila abortatzeko eskubidea. Eurodiputatuek gaitzetsi egin dituzte emakumeen eskubideetan eman diren atzerapausoak, baita sexu eta ugalketa arloko osasuna eta eskubideak eta genero-berdintasuna babesteko dauden neurriak murrizteko edo ezabatzeko saio guztiak ere, bai munduan eta bai EBko estatu kideetan.
Gutunaren 3. artikulua zuzentzea eskatu dute, honako hau eransteko: «pertsona orok eskubidea du autonomia fisikoa izateko eta sexu eta ugalketa arloko osasuna eta eskubideak modu aske, informatu, oso eta unibertsalean eskuratzeko, baita lotutako osasun-zerbitzu guztiak eskuratzeko ere, abortu segurua eta legezkoa barne, diskriminaziorik gabe».
Testuak abortua erabat despenalizatzeko eskatzen die estatu kideei, OMEren 2022ko jarraibideekin bat etorriz, eta abortatzeko oztopoak ezabatzeko eta eragozteko. Parlamentuak Poloniako eta Maltako agintariei eskatu die abortua debekatu eta mugatzen duten legeak eta gainerako neurriak indargabetzeko. Eurodiputatuek gaitzetsi egin dute zenbait estatu kidetan sendagileek, eta are batzuetan erakunde mediko osoek, abortuak egiteari uko egitea «kontzientzia» klausula bat oinarri hartuta. Deitoratu dute klausula hori maiz erabiltzen dela zeinahi atzerapenek pazientearen bizitza edo osasuna arriskuan jartzen duen egoeretan.