Iazko hazkundea neurritsua izan zen eta, 2024aren hasmentan, EBko ekonomia aurreikusi baino makalago ari da. Europako Batzordearen neguko behin-behineko aurreikuspenek hazkundea berrikusi eta erakutsi dute ezen, 2023an, hazkundea txikiagoa izan dela EBn eta eurogunean, % 0,5ekoa izan baita (ez % 0,6, udazkeneko aurreikuspenetan adierazi bezala), eta aurreikusten dute 2024an % 0,9koa izanen dela EBn (ez % 1,3) eta % 0,8koa eurogunean (ez % 1,2). Oraindik ere aurreikusten da jarduera ekonomikoa % 1,7 haziko dela EBn eta % 1,5 eurogunean, 2025ean.

Inflazioa udazkenean aurreikusi baino azkarrago motelduko da. EBn, aurreikuspenek diote kontsumoko prezioen indize harmonizatuaren inflazioak (KPIH) 2024an behera eginen duela eta % 3koa izanen dela (2023an % 6,3koa izan zen) eta 2025ean, berriz, % 2,5koa izanen dela. Eurogunean, 2023an % 5,4koa izan zen inflazioa, eta aurreikusten da 2024an jaitsi eta % 2,7koa izanen dela, eta, 2025ean, % 2,2koa.

2024ko neguko aurreikuspen ekonomikoek 2023ko udazkeneko aurreikuspen ekonomikoak eguneratu dituzte, eta BPGaren eta inflazioaren bilakaeran ardaztu dira EBko estatu kide guztietan.

Aurreikuspenek oinarri hartu dituzte 2024ko urtarrilaren 29ra arteko kanbio-tasei, interes-tasei eta oinarrizko produktuen prezioei buruzko zenbait hipotesi tekniko. Aintzat hartutako gainerako datuei dagokienez (politika publikoen arlokoak barne), aurreikuspenek oinarri hartu dituzte 2024ko otsailaren 1era arteko informazioa (egun horretakoa barne).

Europako Batzordeak urtero bi aurreikuspen oso argitaratzen ditu (udaberri-udazkenean), eta bitarteko bi aurreikuspen (negu-udan). Bitarteko aurreikuspenek barne hartzen dituzte urtean urteko eta hurrengo urteko BPGa eta inflazioa, estatu kide guztienak, bai eta EBko eta euroguneko datu agregatuak ere.

Europako Batzordearen hurrengo aurreikuspen ekonomikoak udaberrikoak izanen dira eta 2024ko maiatzean argitaratuko dira

Informazio gehiago