Irujo kontseilaria izan da ordezkaritza instituzionalaren buru, NUP, CENER, ENERCLUSTER eta AINekin batera.
Nafarroako industriaren ekosistemako ordezkari-talde batek bilera egin du berriki Parisen, ENGIE enpresaren egoitza korporatiboan, zeina energiaren eta karbono gutxiko zerbitzuetako munduko enpresa nagusia baita. Bisitaren helburua izan da, batetik, ikuspegi estrategikoa eta esperientziak trukatzea trantsizio energetikoaren, industriaren deskarbonizazioaren eta energiaren arloko berrikuntzaren gainean, eta, bestetik, elkarrekin aztertzea zein diren sektore energetikoaren erronka nagusiak Nafarroan, espainiar estatuan eta Europan.
Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilari Mikel Irujok zuzendutako ordezkaritzan izan dira, halaber, honako hauek: Guillermo Alonso, SODENAko Invest in Navarra arloko zuzendaria; Ramón Gonzalo García, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea; Martín Larraza Kintana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna; Pablo Sanchís Gurpide, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna; Pablo Ayesa Pascual, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionaleko (CENER) zuzendari nagusia; Iker Chasco Eguílaz, ENERCLUSTEReko kudeatzailea; eta Ana Ursúa Lasheras, Nafarroako Industriaren Elkarteko (AIN) zuzendari nagusia.
Ekimen garrantzitsuak
Topaketak aukera eman die bertatik bertara ezagutzeko nola txertatzen diren ENGIEren gaitasunak balio-kate energetiko osoan zehar. Beste ekimen garrantzitsu batzuk ere ezagutu dituzte, efizientziaren, biltegiratzearen eta hiri- eta industria-soluzioen arloetan. Programaren barrenean, saio monografikoak egin dira gai hauei buruz: Nafarroako estrategia energetikoa eta industriala; industriaren deskarbonizazioa; proiektuen garapena; eta eraikinetan beroa, hotza eta eraginkortasun energetikoa optimizatzeko hiri-azpiegiturak ezartzea.
Jardunaldia hasteko, ongietorri instituzionala egin da eta, ondoren, ikuspegi bateratua aurkezteko saio bat izan da, honako hauek buru direla: Frank Lacroix, Energiaren Tokiko Azpiegituretako ENGIEko presidenteordea; Janis Rey, ENGIE Espainiako Energiaren Tokiko Azpiegituretako zuzendari nagusia, eta Mikel Irujo, Nafarroako Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria.
Nafarroari buruzko bere hitzaldian, Irujo kontseilariak honako hauek nabarmendu ditu: Foru Komunitateko energia-plana, energia-trantsizioaren helburuak eta lortutako aurrerapenak, energiaren eta deskarbonizazioaren arloko etorkizuneko beharrak, Nafarroako industria-ehunaren ezaugarriak eta erronkak, ordezkaritzan parte hartu duten erakundeen zeregina, eta Nafarroak lehentasunezko zer esparrutan aztertu nahi dituen ENGIErekin lankidetzan aritzeko bideak.
Energia-trantsizioaren erronkak
Gainera, topaketa horri esker, trantsizio energetikoaren erronkak ikuspegi instituzional, teknologiko, akademiko eta industrial batetik landu dira, eta agerian utzi da sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzak duen balioa eta garrantzia. Hala, lankidetza horren bidez, deskarbonizazioa ahalbidetuko duten benetako konponbideak bultzatzeko, hirien kalitatea hobetzeko, industrien eraginkortasuna indartzeko eta lehiakortasunean eta iraunkortasunean aurrera egiteko.
Jardunaldian honako hauek parte hartu dute, halaber, ENGIE eta ENGIE Espainiaren aldetik: Pablo Romera, District Heating Txantreako arduraduna; José Luis Vila, Negozio Garapeneko zuzendaria; Rosa Urquiza, salmenta-zuzendaria; Pierre Cheyron, Energiaren Tokiko Azpiegituretako Industriaren Marketin eta Salmentetako presidenteordea; Benoit Brient, Energiaren Tokiko Azpiegituretako Sareen Marketin eta Salmentetako presidenteordea; Berengère Oster, Energiaren Tokiko Azpiegituretako Eraikinen Marketin eta Salmentetako presidenteordea; eta Hervé-Matthieu Ricour, Energiaren Tokiko Azpiegituretako Garapen eta Estrategiako zuzendaria. Haiekin batera izan dira CENER, ENERCLUSTER, SODENA eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkariak ere.
Besteak beste, ENGIEko ordezkariek honako hauek nabarmendu dituzte: haien posizionamendu estrategikoa; lurraldeei eta industria-bezeroei laguntzeko duten gaitasuna, energia-soluzioen eskaintza integratu baten bidez; epe luzeko inbertsioa eta ustiapena; mota desberdinetako eraikinentzat eta sektore publikoarentzat eskaintzen dituzten soluzioak; eta nola lagundu diezaieketen energia-kontsumo handia duten enpresei beren deskarbonizazio-helburuak proiektu bideragarri bihurtzen, epe luzeko kontratuek eta inbertsio-ereduek babestuta.
ENGIE Espainia Nafarroan
ENGIE Espainiako Tokiko Energia Azpiegituretako ordezkariak adierazi duenez, Nafarroa erreferentea da industrian eta ezagun du energia-trantsizioaren buru izateko asmo garbia duela. Gaineratu du pribilegio bat izan dela Parisko egoitzan hain maila handiko ordezkaritza bat hartzea, Nafarroaren ekosistema instituzional, energetiko eta industrialaren adierazgarri dena. Bukatzeko, adierazi du topaketa horri esker ikuspegiak partekatu, sinergiak aztertu eta oinarriak ezarri direla, industriaren deskarbonizazioa azkartuko duten eta eskualdearen garapen jasangarrian lagunduko duten proiektu zehatzak bultzatzeko.
ENGIEri buruz
ENGIE Taldeak energiaren balio-kate osoa hartzen du, ekoizpenetik hasi, eta azpiegituretaraino eta merkaturatzeraino. Haren jarduerak funtsezko arlo osagarriak uztartzen ditu: elektrizitate berriztagarriaren eta gas berdearen sorrera, malgutasun-aktiboen kudeaketa (bateriak kasu), gasaren eta elektrizitatearen transmisio- eta banaketa-sareak, tokiko azpiegitura energetikoak (berokuntza- eta hozte-sareak), eta etxeentzako, administrazioentzako eta enpresentzako energia-hornikuntza.
Taldeak 25 urte baino gehiago daramatza Espainiako energiaren balio-kate osoan jarduten, eta haren deskarbonizazio-estrategia bi euskarritan oinarritzen da: batetik, bere energia-ekoizpena deskarbonizatzea, energia berriztagarriak garatuz, eta, bestetik, bezeroen deskarbonizazioa, energia-kostuak eta CO₂ isurketak murriztea ahalbidetzen dieten industria-soluzioen bidez.
ENGIEk energiaren balio-kate osoaren kudeaketa integrala egiteko gaitasuna du, eta bere gain hartzen ditu deskarbonizaziorako mota guztietako industria-aktiboen finantzaketa, eraikuntza, ustiapena eta mantentze-lanak.