EBn, sektoreak 200.000 laguni baino gehiagori ematen die lana: ia 124.500 ari dira arrantzan, eta 76.000 inguru akuikulturan.

Europako Batzordeak urriaren 20an, asteartearekin, aurkeztu zuen 2040rako arrantzaren eta akuikulturaren plana. Haren bidez, hurrengo hamabost urteetarako norabidea finkatu du, sektore horren ingurumen- eta ekonomia-bideragarritasuna indartzeko.

Hain zuzen, sektore horretatik bizi diren komunitateen bizibideak babestea da Arrantzaren eta Akuikulturaren 2040rako Ikuspegia izeneko estrategiaren helburua. EB osoan, sektoreak 200.000 laguni baino gehiagori ematen die lana: 124.500 inguru ari dira arrantzan, eta ia 76.000 akuikulturan. Horiez gain, beste askok egiten du lan produktuak prozesatzen, handizkako salmentan, banaketan eta txikizkako salmentan.

Estrategia balio-kate osorako pentsatua dago, eta inbertitzeko eta hazteko behar duten aurreikusgarritasuna eman nahi die enpresei; aldi berean, uretako baliabideak eta haien mendeko ekosistemak babesten ditu. Estrategiaren oinarria da EBko uretako elikagaien eskaintza eta eskaria indartzea, eta zehazten du zein diren lehentasun nagusiak sektoreari aurrera egiten laguntzeko: ekosistema osasuntsuak, trantsizio energetikoa, hornidura-kateak bermatzea, eskaria bultzatzea eta elikagaien hornidura egonkorra ziurtatzea, ekoizleei laguntzea eta finantzaketa eskuratzeko erraztasunak ematea, eta, aldi berean, nazioarteko lankidetza indartzea.

Ekosistema osasuntsuak

2040rako Ikuspegiak aitortu eta azpimarratzen du arrantza eta akuikultura lehiakorrak eta erresilienteak izan daitezen, uretako baliabideek eta ekosistemek osasuntsu egon behar dutela. Halaber, aitortzen du lehorreratze-betebeharrak —arrantzaleak behartzen baititu harrapatutako espezie arautu guztiak portura ekartzera— ez dituela espero ziren emaitzak lortu nahi gabeko harrapaketen jarraipenari dagokionez, batez ere ikusita praktikan nola aplikatu den.

Arrantzaren eta akuikulturaren trantsizio energetikoari laguntzea

2030era arte, Ikuspegiaren helburu nagusiak dira energia- eta baliabide-eraginkortasuna hobetzea, teknologia eta trebetasun berriak garatzea eta eskuragarri dauden erregai garbiak erabiltzea. 2030etik aurrera, berriz, ahaleginak bideratuko dira isurtze gutxiko eta batere isurketarik gabeko teknologiak hedatzera; horretarako, finantzaketa, azpiegiturak eta flotaren modernizazioa izanen dira euskarri.

Batzordeak, halaber, eguneratu eginen ditu arrantza-ahalmenaren eta arrantza-aukeren arteko oreka ebaluatzeko 2014ko jarraibideak. Neurri horiek estatu kideei are gehiago lagunduko diete flotaren ahalmena ahalik eta hobekien kudeatzeko egiten ari diren ahaleginetan.

Europan uretako elikagaien hornidura bermatzea

EBko arrantzaren eta akuikulturaren bideragarritasun ekonomikoa eta erresilientzia babesteko neurriak jasotzen ditu 2040rako Ikuspegiak.

Arrantzari dagokionez, laguntzak jasotzen dira ontzi eraginkorragoetan eta seguruagoetan inbertitzeko, berrikuntzarako, eta diru-sarreren dibertsifikaziorako, arrantza-turismoa bezalako jarduerak sustatuz.

Akuikulturaren esparruan, Batzordeak legegintza-tresna bat prestatuko du, eta estatu kideekin lan eginen du arau-esparru koherenteago bat lortzeko; horrek enpresei segurtasun handiagoa emanen die eta inbertsioa sustatuko du.

EBko uretako elikagaiak aukeratzera animatzea herritarrak

Ikuspegiak EBko uretako elikagaien eskaria ere bultzatu nahi du; horretarako, dibertsifikazioa babestuko du eta jakinaren gainean aukeratzen lagunduko die kontsumitzaileei.

Ahalegin horren barrenean, Batzordeak 2029rako trazabilitate digitala sustatuko du hornidura-kate osoko produktu guztientzat, gardentasuna, konfiantza eta merkatu-balioa indartzeko. Aldi berean, lagunduko du kontsumo-ereduak bat etor daitezen EBk nutrizioaren eta elikadura-segurtasunaren arloan dituen epe luzeko helburuekin.