NPEren Zuzeneko Laguntzei buruzko jardunaldiei hasiera eman dio Baluarten, eta EBko, Nekazaritza Ministerioko eta hainbat autonomia erkidegotako talde teknikoetako ehun bat pertsona bildu dira bertan.
José María Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria eta Silvia Capdevilla Espainiako Gobernuaren mendeko Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtseko (NBEF) presidentea buru izan dira NPEren Zuzeneko Laguntzei buruzko jardunaldi batzuetan. Jardunaldi horietan, EBko, Nekazaritza Ministerioko eta hainbat autonomia-erkidegotako lantalde teknikoetako ehun bat pertsonak hartu dute parte, urriaren 26tik 28ra, Iruñeko Baluarte jauregian.
Jardunaldi hauen baitan egin duen hitzaldian, eta 2028-2034 aldirako Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) eredu berrirako negoziazioen testuinguruan, Aierdi kontseilariak NPEk aurrekontu-murrizketarik izan ez dezala eskatu du, Bruselako lehen proposamenean % 20ko murrizketa planteatu baita. Horrez gain, NPE are deszentralizatuagoa izan dadila eskatu du, eskualdeek eginkizun aktiboagoa izan dezaten landa-garapeneko politikak diseinatzeko eta kudeatzeko orduan. Eskatu du, halaber, NPEk lotura handiagoa izan dezala bai lurraldeen askotariko errealitatearekin, bai familia-nekazaritzaren ereduko profesional aktiboekin lotutako laguntzekin.
Nafarroa etorkizuneko NPEren eztabaidan
Aierdi kontseilariak ohartarazi du Nafarroak asko duela jokoan NPEren etorkizunari buruzko eztabaidan, eta oso argi duela zer nekazaritza- eta abeltzaintza-hautabide defendatzen duen lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko eta gazteak sektorean sartzeko, ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-jasangarritasunaren Europako eredu baten barruan. Gaineratu du, halaber, elikagaien segurtasunaren eta subiranotasunaren printzipioen aldeko apustua egin behar dela hirugarren herrialdeen aurrean, eta lehen sektorea landa-mundu bizia garatzeko palanka nagusitzat hartu behar dela.
Nafarroako Nekazaritza kontseilariak, era berean, Foru Komunitateko nekazaritza- eta abeltzaintza-errealitate espezifikoa aipatu du. Izan ere, 1.300 enpresa baino gehiago daude lurraldean errotuta; enpresa horiek ez dira deslokalizatu, eta ia 30.000 lanpostu sortzen dituzte nekazaritzako elikagaien ekoizleen eta industriaren artean; enpleguari dagokionez, beraz, azpisektore nagusia da.
Klima-aldaketaren ondorioak eta tentsio geopolitikoak
Bestalde, NBEFeko presidente Silvia Capdevillak nabarmendu duenez, NPEk zuzeneko laguntzen eta ingurumen-tresna berrien arkitektura berri bat sartu du azken urteotan, segurtasun juridikoa eta eraginkortasuna ematen dituena. Hala ere, onartu du merkatuen aldakortasunak, klima-aldaketaren ondorioek, tentsio geopolitikoek eta nekazaritza-sektoreak berak Europa osoan adierazitako eskaeren ondorioz ohiz kanpoko inguruabarrak sortu direla, eta, beraz, horiei erantzun behar dietela hurrengo aldirako beharrezkoak diren erreformek.
NBEFen arduradunak aipatu du, halaber, zer erronkari heldu beharko zaien NPEren hurrengo erregelamenduan, hala nola “laguntzen kudeaketaren digitalizazioa edo sinplifikazio burokratikoa, erabiltzaileari begira are gehiago egon daitezen”.
Urtean 150 milioi Nafarroan
Gaur egun, Foru Komunitateak, batez beste, 150 milioi euro kudeatzen ditu urtean NPEko funtsetan; horietatik 105 errentetarako laguntza zuzenak dira, 25 milioi LGENF programako landa-garapeneko esku-hartzeetara bideratzen dira, eta gainerako 20 milioiak hainbat sektoretan lehiakortasuna, berrikuntza edo jasangarritasuna hobetzea xede duten jardueretara bideratzen dira.
Nekazaritza Ministerioak urtero antolatzen ditu NPEren zuzeneko laguntzei buruzko jardunaldiak. Oraingo honetan, Nafarroan eginen dira. Zenbait saio izanen dira, zeinetan jorratuko baitituzte, besteak beste, 2028-2034 aldirako ordainketen kudeaketa- eta kontrol-eredua, datuen gobernantza-sistema, monitorizazio-aurrerapenak eta teknologia berriak.
Jardunaldietako hizlarien artean daude Europako Batzordeko Nekazaritzako Zuzendaritza Nagusiko teknikariak, Nekazaritza eta Eraldaketa Digitaleko ministerioetakoak, INTIA sozietate publikokoak eta NUPekoak, bai eta Rubén Goñi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari nagusia, eta Kantabria, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Valentzia, Madril eta Gaztela-Mantxa autonomia-erkidegoetako ordezkariak ere.