Partez eman du iritzia, ez baitie heldu 2028-2034 UAFEaren negoziazioen baitan eztabaidatzen diren gai finantzario eta horizontalei.

Kontseiluak onetsi berri du —urriaren 26an, astelehenarekin— zein izanen den bere negoziazio-jarrera partziala, 2027tik aurrerako aldirako Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) esparrua ezartzeko erregelamenduari buruz. NPEren erregelamendu-proiektua Europar Batasunaren (EB) epe luzerako hurrengo aurrekontuari buruzko negoziazioen barruan (urte anitzeko finantza-esparrua – UAFEa) sartzen da.

Etorkizuneko NPEren helburua da nekazariei behar duten laguntza ematea elikagaien ekoizpenari eusteko, EBko nekazaritza-sektorearen erresilientzia eta lehiakortasuna indartzeko eta etorkizuneko erronkei erantzuteko.

Esparru are bakun eta arinago bat duenez, laguntzak espezifikoagoak eta eraginkorragoak izanen dira, eta, aldi berean, estatu kideek malgutasunez jokatu ahal izanen dute, eta beren nekazarien behar espezifikoei erantzuteko beharrezkoak diren tresnak izanen dituzte. 2027aren ondorengo NPEk bultzatzen jarraituko du elikagai seguru eta eskuragarrien hornidura, ingurumenaren babesa eta landa-eremuen bizindarra.

Jarrera partziala

Negoziaziorako jarrera «partziala» da, EBk ez dielako heldu ez gai finantzarioei ez eta horizontalei ere. Une honetan ari dira gai horiei buruz eztabaidatzen, 2028-2034 aldia hartzen duen UAFE globalari buruzko negoziazioen baitan.

Etorkizuneko NPEk jardunean diren nekazariei lagundu behar die: hurrengo belaunaldia ahaldundu behar du, eta nekazariei lagundu behar die arriskuei eta krisiei aurre egiten. Horrez gain, nekazaritzaren bideragarritasun ekonomikoari eutsi behar dio, eta, aldi berean, klima- eta ingurumen-helburuak bete behar ditu. Akordio hori urrats garrantzitsua da, bermatzeko NPEk aurrerantzean ere erantzungo diela nekazarien beharrei, landa-komunitateei babesa emanen diela eta europar guztien elikadura-segurtasuna babestuko duela.

Elementu nagusiak

Bat etorriz EBren epe luzerako hurrengo aurrekonturako proposatu den esparruarekin, egun existitzen diren EBko funtsak —eta horien barnean sartzen da NPEra bideratutako laguntza—, nazioko eta eskualdeko elkartze-plan (NRPP) berri batean bilduko lirateke. Etorkizuneko NRPP planaren esparruan, estatu kide bakoitzak plan orokor bakar bat prestatuko luke. Plan orokor horrek ordezkatuko lituzke egun kohesioaren, nekazaritzaren, arrantzaren, migrazioaren eta segurtasunaren arloan dauden plan eta programa independenteak, bai eta Klimarako Gizarte Funtsa ere.

Esparru horretan, NPEk alde batera utziko lituzke egun dituen bi zutabeak: Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsa eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa. Bi funts horiek egitura bakar batean batuko lirateke, NPEren ezaugarri diren tresnak eta esku-hartzeak mantenduta betiere.

Xedapen berrien arabera, NPEn sartutako neurriak NRPP planaren araudian xedatutakoari jarraituz finantzatuko lirateke. Horrenbestez, NPEren erreformarekin lotutako  xedapen batzuk adostu dira dagoeneko, NRPP planaren araudiari buruz Kontseiluak duen jarrera partzialean.

300 000 milioi euroko NPE

Hurrengo programazio-aldian ere nekazariei laguntza sendoa emateko asmoz, Batzordeak proposatu du 300 000 milioi euro inguru bideratu daitezela NPEren diru-sarrerak eta krisi-neurriak babesteko. Finantzaketa gehigarria ere erabiltzeko aukera legoke, nazioko eta eskualdeko elkartze-planen bidez, diru-sarrerei, berrikuntzari eta landa-ekimenei laguntzeko neurriak indartzeko. Batzordearen proposamenak, halaber, segurtasun-sare bakarra jasotzen du, merkatuan nahasmenik izanez gero nekazariei laguntza emateko.

Gainera, baterako segurtasun-sare bat aurreikusten du, merkatuan nahasmenik izanez gero nekazariei laguntzeko. UAFE globalari buruzko negoziazioen esparruan adostuko da zein izanen den nekazariei laguntzeko behin betiko zenbatekoa.

Kontseiluak 2027tik aurrerako aldirako NPEren Erregelamenduari buruz duen jarrerak Batzordearen proposamenaren ildo orokorrari eusten dio. NPE indartzeaz eta esparru berrira egokitzeaz gain, aldaketa batzuk egiten ditu.

Informazio gehiago