Europako Batzordeak berriz ireki du DiscoverEU deialdian hautagaitzak aurkezteko epea. 18 urte dituztenek urriaren 15era arte egin dezakete eskaera, eta aukera izanen dute bidaia-bonu bat jasotzeko eta Europa trenez ezagutzeko.
Ia 41.000 bidaia-bonu banatuko dira guztira, 2008ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean jaiotako gazteen artean. Europar Batasuneko eskatzaileak ez ezik, Erasmus+ programari atxikitako herrialdeetakoak ere aurkez daitezke deialdira (Islandia, Liechtenstein, Ipar Mazedonia, Norvegia, Serbia eta Turkia).
Aurtengo aldirako, Europarako Kulturaren Iparrorratzaren ekintzen barnean, DiscoverEUk bere dimentsio kulturala indartuko du, eta DiscoverEU ibilbide berria abiaraziko du, Europako Ondarearen Zigiluko guneak ardatz hartuta, zeinek Europako historia, integrazioa, idealak eta balioak irudikatzen eta sinbolizatzen baitituzte.
Belaunaldi arteko ekitatearen, gazteriaren, kulturaren eta kirolaren komisario Glenn Micallef-ek honako hau adierazi du: «DiscoverEUk gazteei aukera ematen die Europan zehar trenez bidaiatzeko eta, aldi berean, esperientzia berriak izateko eta beste herrialde batzuetako pertsonak ezagutzeko. Nork bere ibilbideak planifikatuta nahiz iradokitako ibilbideei jarraituta, Europako kultur ondare aberatsa eta askotarikoa deskubrituko dute.