Zehazki, San Cernin, FEC Vedruna, Lumbier LH IIP, El Cierzo DBHI eta Valle del Ebro BHI ikastetxeak dira.
Nafarroako bost ikastetxe Europako Parlamentuko Eskola Enbaxadoreak programan parte hartzen ari dira 2026-2027 ikasturtean. Europako Parlamentuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusiaren ekimen horren helburua da gazteei ezagutaraztea Europako erakundeen funtzionamendua, demokrazia parlamentarioa eta Europako Batasunaren balioak.
Hauek dira Nafarroan hautatutako ikastetxeak: San Cernin, FEC Vedruna, Lumbier LH IIP, El Cierzo DBHI eta Valle del Ebro BHI. Horrela, Nafarroak aktiboki parte hartzen jarraitzen du Europako Parlamentuak bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikasleentzat bideratzen duen hezkuntza-ekimen nagusienetako batean.
Ikasturtearen hasieran, Nafarroako bost ikastetxeetako koordinatzaileak Alcalá de Henaresera joan dira, Alcalako Unibertsitatean programaren prestakuntza-jardunaldietan parte hartzeko. Jardunaldi horietan, irakasleek aukera izan dute ikasturte berrirako programaren lan-ildoak bertatik bertara ezagutzeko, Europako Parlamentuaren hezkuntza-baliabideak aztertzeko, eta, bereziki, beste autonomia-erkidego batzuetako Eskola Enbaxadoreetako koordinatzaileekin esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko.
Europako balioak defendatzea
Jardunaldien hasieran, azpimarratu zuten zeinen eginkizun garrantzitsua betetzen duten ikastetxeek Europako proiektua belaunaldi berriei hurbiltzeko lanean. Zentzu horretan, Europako Parlamentuaren Espainiako Bulegoko Hezkuntza, Gazteria eta Balioen arduradun Bárbara Quílez-ek eskolek Europako balioak defendatzeko eta transmititzeko duten aukera nabarmendu zuen, eta Europako Batasuna honela definitu zuen: “leku paregabea munduan, askatasunerako, batasunerako eta demokraziarako espazio gisa”.
Prestakuntzaren bigarren egunean, Javier Zarzalejos, Rosa Serrano eta Elena Sancho europarlamentariek parte hartu zuten, eta irakasleekin eztabaidatu zuten zein garrantzitsua den gazteak eta ikasleak kontzientziatzea guztiok garela komunitate demokratiko handi baten parte, non elkarrizketa, negoziazioa eta zubiak ezartzea funtsezkoa den.
260 ikastetxe guztira
2026-2027 edizioak beste bultzada bat eman dio programari Espainiako estatuan. Ekimen honetan, autonomia-erkidego guztietako eta Melillako 260 ikastetxek parte hartzen dute aurtengo ikasturtean; aurrekoan, aldiz, 191 ikastetxe izan ziren (127 Eskola Enbaxadore eta 64 Eskola Mentore). Aurtengo ikasturterako hautatutako 260 ikastetxe horietatik 103 lehen aldiz sartu dira programan, eta 157 ikastetxek berriz parte hartuko dute. Gainera, hiru urtetik gorako ibilbidea duten 75 ikastetxe Eskola Mentore (MEPAS) gisa arituko dira, beren esperientzia beste ikastetxeekin partekatuz. Horien artean daude Iruñeko FEC Vedruna eta San Cernin ikastetxeak.