Kultura eta Hezkuntza Batzordeko eurodiputatuek lortu nahi dute hurrengo Erasmus+ programa errazagoa, aurreikusgarriagoa eta eskuragarriagoa izatea.
Kultura eta Hezkuntza Batzordeak (CULT) aldeko botoa eman du, Batzordeak 2028-2034 aldirako proposatutako Erasmus+ programa aldatzeko. Erasmus+ programa 1987an sortu zen, eta 17 milioi pertsona inguruk parte hartu dute ordutik; 2027an, programak 40 urte beteko ditu. EBk batez ere finantzaketa-tresna horren bidez sustatzen du mugikortasuna hezkuntzaren, prestakuntzaren, gazteriaren, boluntariotzaren eta kirolaren arloetan.
Funts gehiago
Eurodiputatuek programaren aurrekontua 47.390 milioi eurora handitu nahi dute (prezio korronteetan), Batzordeak proposatutako 40.800 milioien aldean, programaren anbizioek finantzaketa egokia izanen dutela bermatzeko.
Erasmus+ programaren kudeaketa sinplifikatzeko eta aurreikusgarriagoa izateko, halaber, proposatu dute funtsak argi bereiztea eremu politikoen artean –hezkuntza eta prestakuntza (guztizko zenbatekoaren % 74,6), gazteria eta boluntariotza (% 15), eta kirola (% 4,1)–, baita eremu bakoitzaren barnean ere.
Eurodiputatuek baldintzak indartu nahi dituzte, Erasmus+ programa EBko beste funts eta ekimen batzuekin konbinatu ahal izateko. Era berean, babesten dute Erasmus+ programaren esparruko dirulaguntzek betebehar bat izatea, hots, EBren finantza-interesak eta Europar Batasunaren Tratatuaren 2. artikuluan finkatutako balioak errespetatu behar izatea.
Inklusioari, irakasleei eta kirolariei laguntzea: Erasmus+ programaren esparruan hezkuntza-trukeetan eta gazteen trukeetan parte hartzeko ematen diren laguntzetan, CULTeko eurodiputatuen iritziz, zenbait alderdi hartu beharko lirateke kontuan, hala nola bizitzaren kostua, etxebizitzaren prezioak, inflazioa eta erosahalmena, aldeak baitaude herrialde, eskualde eta hiri batetik bestera.
Programa berria inklusiboagoa izatea nahi dute, eta Erasmus+ programan parte hartzen dutenen % 20, gutxienez, lanbide- eta hezkuntza-aukera urriko pertsonak izatea.
Gainera, eurodiputatuen ustez, Erasmus+ programa berriak lagundu beharko luke prestatzaileentzako EBren hurrengo agenda aplikatzen, eta irakasleen kontratazioa eta egonkortzea hobetzeko neurri politikoak ekarri. Eurodiputatuen arabera, Erasmus+ programak, lehen aldiz, oinarrizko kirolarien mugikortasuna erraztu beharko luke, eta ez kirol-klub edo -erakundeetako langileena bakarrik.
Europako Elkartasun Kidegora zabaltzea
Eurodiputatuek babestu egin dute egungo Erasmus+ programa eta Europako Elkartasun Kidegoa (Laguntza Humanitarioko Europako Boluntarioen Kidegoa barne) bateratzeko Batzordeak egin duen proposamena.