Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzak eta haren Europe Direct Navarra-Nafarroa proiektuak 15 orduko ikastaro hau antolatu dute, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin batera.

Guztira 24 lagun ari dira prestakuntza jasotzen Europe Direct Navarra-Nafarroa proiektuak antolatutako “Europako finantzaketa-programetan parte hartzeko lantegi praktikoak” izeneko ikastaroan, zeina Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzak kudeatzen baitu, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin batera. Prestakuntza irailaren 23an hasi zen, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusi Sergio Pérezek eta Europako Proiektuen Bulegoko zuzendari Silvia Ojerrek ongietorria eman ondoren, eta 5 egun iraunen du.

Prestakuntza-saioak emateaz arduratzen dira Eva García eta Elena Solero. Lehena Pedadogian graduatua da eta Ingeniaritza Kimikoko masterra du, eta, bigarrena, Biologian lizentziaduna eta doktorea izateaz gain, Enpresa Zientzietako diplomaduna ere bada. Prestakuntza praktikoa proposatu dute, benetako kasuetan oinarritua, eta ikastaroa lau bloketan zatitu dute.

Parte-hartzaileak Administrazioko hainbat lan-arlotatik iritsi dira; hala nola, osasunaren arlotik, turismoarenetik edo ingurumenarenetik.

Helburu orokorrak eta espezifikoak

Prestakuntzaren helburu orokorra da parte-hartzaileek Europako Batasunak finantzatutako proiektuen kudeaketa tekniko, finantzario eta administratiboari buruzko ezagutzak eskuratzea eta haren irismenaz eta garrantziaz jabetzea, gai izan daitezen erakundeetan kudeaketa-metodo efiziente, eraginkor eta zeharkako bat martxan jartzeko Europako proiektu guztietarako.   Helburua da onetsitako proiektuen kudeaketa- eta justifikazio-lanak gehiegizko ahaleginik egin gabe gauzatzea eta dirulaguntzarik ez galtzea, kudeaketa desegoki baten ondorioz.

Parte-hartzaile guztiek —Europako programetan (Horizonte Europa, Interreg…) sartutako proiektuen etorkizuneko kudeatzaileak baitira—  ikastaroaren programa jaso dute, helburu espezifiko hauekin batera:

  • Europako proiektuen aurrekontuak ulertzeko eta lantzeko gai izatea.
  • Gaitasunak garatzea, partzuergoak osatzeko, lan-paketeak diseinatzeko eta kronogramak definitzeko.
  • Proiektu bat onesten denean egin beharreko kudeaketa-lanak optimizatzea: Grant Agreement, Consortium Agreement, PEP elementua, kick-off meeting, etab.
  • Erabakiak hartzeko gaitasuna garatzea, justifikazio partzialei, bukaerako justifikazioei eta proiektuaren itxierari dagokienez.

Ikastaroaren lau blokeak

Edukiak batez ere praktikoak dira, eta taldean egindako lan txikien bidez barneratzen dira. Eskolek Europako proiektu bat kudeatzeko prozesu naturalari jarraitzen diote.

  1. Aurrekontuak prestatzeko lantegi praktikoa (3 ordu)

  • Programa horietan parte hartzeko moduak, eta horrek nola eragiten duen aurrekontuak egitean.
  • Partida finantzagarriak (eta non sartu gastu mota bakoitza).
  • Programa bakoitzean aurrekontuak egiteko erabili behar diren tresnak, eta horiek nola kudeatu beste parte-hartzaileekin.
  • Programa mota bakoitzari lotutako kutxa-fluxuak, koordinatzailearen ikuspuntutik eta parte-hartzailearenetik.
  • Erakunde bereko proiektu-zorroak kudeatzea (aurrekontuak kudeatzea, proiektu bat baino gehiago dagoenean).
  • Prebenitu beharreko akatsak edo arriskuak, eta sustatu beharreko jardunbide egokiak.
  1. Partzuergoak eratzeko eta lan-paketeak diseinatzeko lantegi praktikoa (3 ordu)

  • Erakundeak bilatzea, hautatzea eta erakartzea (lehentasuna duten profilak identifikatzeko metodoak, hautagai hoberenak eta harremanetarako pertsonak bilatzeko iturriak eta prozesuak, erakundeak hautatzeko irizpideak, eta parte-hartzaileekin komunikatzeko eta negoziatzeko kanpainak diseinatzea).
  • Lan-paketeak diseinatzea, kontuan hartuz proiektuaren helburuak, deialdiaren lehentasunak eta ezaugarriak, parte-hartzaileen profilak eta sustatzailearen interesak.
  • Lanaren antolaketa eta kronograma definitzea, lan-paketeen diseinuaren inguruan (eta diseinu horren atzean dauden arrazoiak).
  1. Nire proiektu bat onetsi dute. Eta orain zer? (6 ordu)

  • Grant Agreement-a sinatzea (metatutako esperientziak).
  • Consortium Agreement-a prestatzea eta sinatzea (eduki administratiboak, benetan lehentasuna duten edukiak, nola aurrea hartu sinatze-prozesua moteltzen duten egoerei, eskura dauden baliabide publikoak, nola erabili AA sortzailea une horretan).
  • PEP elementua tramitatzea (Nafarroako Gobernuko langileek azalduko dute).
  • Kick-off meetinga antolatzea, benetan eraginkorra izan dadin proiektua abiarazteko eta lantaldeak martxan jartzeko orduan (bileraren aurretik, bitartean eta ondoren: jardunbide egokiak, ohiko akatsak, plantillak, tresnak eta prozesuak).
  • Proiektuak kudeatzeko funtzioak gauzatzea (zer tresnak funtzionatzen duen hobeto eta nola, bazkideen arteko eta haratagoko komunikazio-sistemak, bizitza errealeko egoeretatik ikastea arazoak konpontzeko, agintari eskudunarekiko harremanak, eta horiek nola aldatzen diren proiektuaren fase nagusietan).
  1. Proiektu baten justifikazioa eta itxiera (3 ordu)

  • Nola antolatu justifikazio partzialak eta bukaerako justifikazioak (tresnak, prozesuak, parte-hartzaileekiko komunikazioa, jardunbide egokiak eta ohiko akatsak).
  • Nola antolatu eta diseinatu proiektuaren bukaerako ekitaldia (datak eta tokiak hautatzea, parte-hartzaileen inplikazioa, xede-populazioa definitzea, policy makinga kudeatzea, jardunbide egokiak eta ohiko akatsak).
  • Nola kudeatu proiektuaren itxiera estrategikoki.

Informazio gehiago