Ondarearen Europako Jardunaldien 2026ko edizioari hasiera emateko , hainbat kultura-ekitaldi eginen dira Europako 50 herrialde baino gehiagotan, irailetik urriaren hasierara arte. Gai hau izanen dute ardatz aurtengo jardunaldiek: “Ondarea arriskuan: berpiztu, eutsi, berrasmatu” (Heritage at Risk: Revive, Resist, Reimagine). Hala, arriskuan dagoen ondarea babesteko eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko moduei buruz arituko dira.
Europako Batzordea eta Europako Kontseilua dira ekimenaren sortzaileak. Faroko hitzarmena dute oinarri jardunaldiek. Hain zuzen, hitzarmen horretan, kultura-ondareak gizartearentzat duen balioa aitortzen da. Hala, Ondarearen Europako Jardunaldietan ere, komunitateek ondarea identifikatzeko, babesteko eta transmititzeko lanean duten zeregin garrantzitsua azpimarratzen da. Urtero, 1999az geroztik, parte hartzen duten herrialdeek gai espezifiko baten inguruan antolatzen dituzte beren urteko programak, eta, horrez gain, Europako kultura eta ondarea aberastu duten pertsonen eta lekuen historiari buruzko ikuspegi berriak eskaintzen dizkiete adin eta interes guztietako herritarrei.
Belaunaldi arteko Ekitate, Gazteria, Kultura eta Kiroleko komisario Glenn Micallef-ek adierazpen hauek egin ditu: « «Ondarearen Europako Jardunaldietan, Europa berezi eta askotariko egiten duen horixe ospatzen da. Aurtengo gaiak gogorarazten digu ondareak babes aktiboa behar duela, gerren, klima-aldaketaren, hondamendien edo abandonuaren eraginez jasaten dituen mehatxuen aurrean, eta komunitateek funtsezko zeregina dutela ondare hori etorkizuneko belaunaldientzat bizirik mantentzeko lanean».
Besteak beste, ondarearen bisita gidatuak, erakusketak, tailerrak, emanaldiak eta esperientzia digitalak eginen dira jardunaldietan. Hala, zehazki, Kroaziako Santuen Guardiaren tradizioa aztertzeko bisitak eginen dira, Belgikako antzinako garagardotegi bateko industria-ondarea ezagutu ahal izanen da eta Frantziako Ardenetako 1.000 mineral eta fosil baino gehiago ikusgai izanen diren erakusketa antolatu da.