Ekimenak irailaren 1etik urriaren 30era bitartean aurkezten ahalko dira.

Zabalik da Eremu Atlantikoko Interreg programan proiektuak aurkezteko laugarren deialdia. Bi hilabetez aurkezten ahalko dira ekimenak: irailaren 1etik urriaren 30era arte. Laugarren deialdi horrek kapitalizazioa, hedapena, transferentzia eta gobernantza ditu ardatz. Haren helburua da Eremu Atlantiko osoan dauden ezagutzak, konponbideak eta jardunbide egokiak azkarrago hartzea eta transferitzea, eta, aldi berean, inpaktu politiko nabarmena lortzea egungo programazio-aldia amaitu baino lehen.

Deialdi honen esparruan finantzatutako proiektuek egiaztatutako emaitzak izan behar dituzte oinarri, eta azkar eta eraginkortasunez gauzatu behar dira. Espero da, beraz, elkarteek esperientzia egiaztatua, lankidetza-proiektuetan historia sendoa, eta programa kudeatzen eta gauzatzen eskarmentu handia duten erakundeak biltzea.

Lau lehentasun

Eskaerek programaren lau lehentasunetako bati heldu behar diote:

  • 1. lehentasuna: Berrikuntza urdina eta lehiakortasuna
  • 2. lehentasuna: Ingurumen urdina/berdea
  • 3. lehentasuna: Turismo eta kultura jasangarriak eta sozialak
  • 4. lehentasuna: Lankidetzarako gobernantza hobea

Proiektuek 24 hilabeteko iraupena izan dezakete gehienez ere, baina baliteke exekuzio-epe laburragoak eskatzea, programaren egutegi orokorra betetzeko.

Gehienez ere % 75

Interreg Eremu Atlantikoak onartutako proiektuen zati bat finantzatuko du: kostu diruz lagungarrien % 75, gehienez ere. EGEFi eskatutako ekarpena 0,4 eta 0,8 milioi euro artekoa izan beharko da.

Programaren 2021-2027 aldirako aurrekontua 113 milioi eurokoa da, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsetik (EGEF) dator.

Interreg Eremu Atlantikoa 2021-2027 programak estatuz haraindiko lankidetza babesten du lau herrialdetako eskualde atlantikoetan: Portugal, Espainia, Frantzia eta Irlanda. Hauek dira Estatuko eskualde hautagarriak: Galizia, Asturias, Kantabria, Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa, Nafarroa, Andaluzia eta Kanaria uharteak. Programa berri horrekin, Europar Batasunak  erakusten du konpromisoa hartua duela eskualde atlantikoekin, babesa ematen baitie eremu hori hazten lagunduko duten ekimen berritzaileei. Erronka komunak ebatzi nahi ditu mugez haraindi, baterako ekintzak martxan jarrita, jardunbide egokiak trukatuta, eta politika berriak edo lehendik daudenak bultzatuta.

Europako Batzordeak brokerage online ekitaldi bat programatu du abenduan, partzuergoak eratzeko. Horizon NEB 2027

Informazio gehiago