Kontsulta publikoa egin dute alderdi interesdunekin eta honen emaitza oinarri hartu dute Europako agintariek.
Europako Batzordeak betearazpen-egintza bat onetsi du. Hartan ezartzen da zer eratako frogak aurkeztu behar dituzten inportatzaileek “galdatzea eta isurtzea” zer herrialdetan gauzatu diren frogatzeko, Altzairuaren Erregelamenduaren mende diren produktu siderurgikoen hogeita sei kategorietarako. Galdatze- eta isurtze-herrialdea jatorrizko lekua da, non altzairua edo burdina landugabea galdatzen eta solido bihurtzen baitira lehenengo aldiz.
Kontsulta publiko bat egin da alderdi interesdunekin eta, haren emaitza oinarri hartuta, egintza diseinatu da, eguneroko transakzioetan dagoeneko erabili den dokumentazioa erreferentziatzat har dadin. Horrez gain, bermatu da baldintzak ez direla garestiegiak izanen industriarentzat, eta trazabilitatea eta gardentasuna indartu dira.
Galdatze- eta isurtze-herrialdearen betekizuna Europar Batasunean inportatutako produktu siderurgikoen gardentasuna eta trazabilitatea hobetzeko sartu da Altzairuaren Erregelamenduan. Hala, Batzordeak esku hartu ahal izanen du betekizunak betetzen saihesten direnean, eta neurriaren eraginkortasuna bermatuko da gehiegizko produkzio-ahalmenaren ondorioen aurrean.
Altzairuaren Erregelamenduak bermatzen du EBko industria siderurgikoa modu oso eraginkorrean babestuko dela munduko gehiegizko produkzio-ahalmenaren ondorioen aurka, eta haren bideragarritasuna eta jasangarritasuna bultzatzen du epe luzera. Neurri hori beharrezkoa zen, kontuan hartuta munduko gehiegizko produkzio-ahalmenaren maila jasanezina dela, eta merkataritza murrizteko gero eta neurri gehiago daudela hirugarren herrialdeetan. Horrek ekarri zuen merkataritza EBko merkatura desbideratzea.
Altzairuari buruzko EBren Erregelamenduak, 2026ko uztailaren 1etik indarrean denak, ezarri du 18,3 milioi tonari ez zaiela muga-zergarik ezarriko, baina, hortik gorakoei % 50eko muga-zerga ezarriko zaiela. Horrez gain, galdatze- eta isurtze-araubide bat ezarri du gardentasuna handitzeko. EEEko herrialdeak izan ezik, jatorri-herrialde guztiei aplikatuko zaie neurria. EEEko herrialdeek, nolanahi ere, galdatze- eta isurtze-baldintzak bete beharko dituzte.
Abuztuaren 19an, estatu kideek aho batez babestu zuten betearazpen-egintza hori, eta 2026ko urriaren 1ean hasiko da aplikatzen.