EBko goi-kargudunak hitzaldi bat eman du, eta “Europa etorkizuneko industriaren lasterketan: mendekotasun estrategikoen geopolitika” mahai-inguruan parte hartu du, “Europa Konektatua” Europako Udako Ikastaroan.

Lehiakortasun estrategikoa izan da Daniel Callejak, Europako Batzordeak Espainian duen ordezkaritzaren zuzeneko ordezkariak, emandako hitzaldiaren gaia. Abuztuaren azken astean Iruñean egindako “Europa Konektatua” Europako Udako VIII. Ikastaroen bigarren jardunaldian eman zuen hitzaldia.

Lehiakortasuna eta autonomia estrategikoa nabarmentzen dira Europako Batzordeak 2027-2030 aldirako ezarri dituen zazpi lehentasunen artean. Callejak Industria Bizkortzeko Legea aipatu du, eta hainbat premia azpimarratu ditu: Europa berrindustrializatzea, burokrazia sinplifikatzea enpresen sorrera errazteko, industria bizkortzeko eremuak sortzea eta Europako kontratazioa bultzatzea Europako “Made in EU” produktuen eskaria handitzeko.

Diario de Navarra fundazioak eta Equipo Europa elkarteak antolatzen dituzte jardunaldiak. Equipo Europa da Estatuko gazte europazaleen elkarterik handiena, 4.700 bazkide baino gehiago baititu.

Integrazioa bizkortzea

Batasuneko goi-kargudunak honako hauekin partekatu du mahai-ingurua: Mikel Irujo, Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria; Elena Sancho, S&D Sozialisten eta Demokraten Aliantza Aurrerakoia taldeko diputatua; eta Raquel Jorge, Agidigitalen Bruselako bulegoko eta Europako Gaietako zuzendaria eta Digital Europeko batzorde betearazleko presidentea.

Daniel Callejak azaldu du integrazio ekonomiko, industrial, teknologiko eta politikoa bizkortu behar dela indar handiko eta etorkizun oparoko Europar Batasuna eraikitzeko, eta mahaian parte hartu duten ordezkari politiko eta adituak ados agertu dira.

Irlanda, herrialde gonbidatua

Brian Glynn Irlandako enbaxadoreak parte hartu du Udako Ikastaroen VIII. edizioan. Hain zuzen ere, Irlandari dagokio EBko Kontseiluko burua izatea bigarren seihilekoan, eta horregatik gonbidatu zaio ikastaroetara.  Ikastaroak beste gai batzuk ere jorratu ditu, hala nola adimen artifiziala, lankidetza politikoa, merkataritza, mugikortasuna eta berrikuntza teknologikoa.