Abuztuaren 25etik irailaren 17ra bitartean Europar Batasuneko 26 buruzagirekin bilduko da, jarrerak bateratzeko datozen zazpi urteetarako Europako aurrekontuen 2 bilioi euroko aurreproiektuaren inguruan.
Europar Batasuneko Kontseiluko lehendakari António Costa portugaldarra Europako hiriburuetan barrena ibiliko da abuztuaren 25etik irailaren 17ra bitartean, EBko 26 buruzagirekin biltzeko. Hiriburuetan zeharreko bira horren helburuak dira partekatutako lehentasunei heltzea, lankidetza indartzea eta EBren agenda finkatzea datozen hilabeteetarako. Bidaia horretan, gutxieneko akordio politiko bat lortu nahi da, besteak beste, Europar Batasunaren 2028-2034 aldirako 2 bilioi euroko aurrekontu-aurreproiektuaren inguruan.
Costa saiatuko da jarrerak bateratzen, urte hau amaitu baino lehen akordioa lortzeko. Negoziazioa konplikatua da EBko herrialde aberatsenen kritikengatik, murrizketa handiak nahi dituztelako. Gainera, ekarpen nazionalak eta baliabide propioak onartzeko errezeloak daude, bereziki Europar Batasuneko zenbait herrialdetan (Frantzia, Italia, Polonia eta Espainia), 2027an hauteskundeak dituztelako.
Zer da hiriburuetan zeharreko bira?
EBn ahots guztiak dira garrantzitsuak. EBko hiriburuetarako bisitan, Kontseilu Europarreko lehendakari António Costak aukera izanen du EBko agintarien lehentasunak eta kezkak zuzenean entzuteko eta Batasun osoan lankidetza indartzeko.
Costa lehendakaria
Eztabaiden ardatza izanen da Europak nola eraiki dezakeen EB indartsuago eta autonomoago bat; adibidez, defentsa-gaitasunak indartuz, lehiakortasuna bultzatuz eta merkatu bakarra osatuz, Ukraina babestuz, EBren zabalkuntzan aurrera eginez eta EBren epe luzerako hurrengo aurrekontuari buruzko akordioa lortuz.
Bira hasi aurretik, Costa lehendakariak Europa sendo eta autonomo baten alde egin du “Europari entzutea eta haren etorkizuna eraikitzea” iritzi-artikuluan. Artikulu horretan nabarmentzen du ikuspegi nazionalak entzun behar direla, eta elkarrekin lan egin, mundu aldakor honetan Europaren ekintza-gaitasuna indartzeko.
Costa lehendakariak 2025ean ere egin zuen bira bat hiriburuetan barrena. Bira horretan, EBko buruzagiekin bildu zen, Batasunak aurrez aurre zituen lehentasunei eta erronkei heltzeko.