Copernicus Climate Change Service (C3S) izeneko nekazaritza arloko jarduera-zerbitzua Europa mailako ekimen bat da, Epe Ertaineko Eguraldiaren Iragarpenerako Europako Zentroak (ECMWF) koordinatua.
Nafarroak zerbitzua definitzeko eta baliozkotzeko prozesuan parte hartuko du, INTIA enpresa publikoaren bitartez, zeinak azken 45 urteetan Nafarroan nekazaritza-esperimentazioan izan duen esperientzia eskainiko baitu. Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena (CSIC) buru duen partzuergo zientifiko bat ari da zerbitzua garatzen. Partzuergoa lankidetza estuan ariko da sektoreko erabiltzaileekin, proposaturiko tresnek benetako premiei erantzuten dietela bermatzeko.
INTIAk, bere aldetik, erabiltzaile-taldeetan, tailerretan eta baliozkotze-jardueretan parte hartuko du. Horien bidez, Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorean identifikatutako premien berri emanen du, eta, horrez gain, INTIAren nekazaritzako aholkularitza-zerbitzuaren bidez, produktu berriek gure erkidegoan duten erabilgarritasuna ebaluatuko du, produktu horiek eskuragarri jarri aurretik. Hala, bermatuko da landutako tresnek klima-aldaketaren erronkei erantzuten dietela, eta oinarriak finkatuko dira Nafarroa zerbitzuaren eskualde pilotu izateko.
Satelite-konstelazioa
Copernicus Climate Change Service zerbitzuak klima arloko zerbitzuen belaunaldi berri bat jarri du nekazaritza-sektorearen eskura, arlo horretan erabakiak hartzen laguntzeko eta klima-aldaketara hobeki egokitzeko.
Copernicus satelite-konstelazio bat da, Sentinel izenez ezagutzen diren sei familiaz osatua. Familia horietako bakoitza satelite batek edo gehiagok osatzen dute. Zehazki, Sentinel-2 sateliteek informazio oso erabilgarria eskaintzen dute nekazaritza-sektorearentzat.
Nekazaritzako zerbitzu operatibo berria berariaz garatutako eredu matematikoetan oinarrituko da, eta informazio klimatikoa hainbat denbora-eskalatan integratuko du. Hala, datu historikoak emateaz gain, urte-sasoiko iragarpenak eginen ditu, baita klima-aldaketaren proiekzioak ere.
Eredu horren bidez, informazio lagungarria jasoko da, hainbat arlotarako: nekazaritza-kanpainak planifikatzeko, uraren kudeaketa eraginkorrerako, lehorteak edo muturreko klima-gertakarien arriskua ebaluatzeko eta ekoizpen-sistemak klima-baldintza berrietara egokitzeko.